Lurgorriko eta Institutuko gauetako tren zerbitzua indartzeko eskatu dute
eskaera indartzeko sinadura bilketa jarri dute martxan, eta 2.000 sinadura baino gehiago batu dituzte, eta udalerriko 40 tabernak baino gehiagok egin dute bat bilketagaz.
Gauetan, Gernika-Lumoko hiru tren geltokietatik batean bakarrik geratzen da trena, Geralekuan, eta etxera oinez egin beharreko ibilbidea luzatzeak “babesgabetasun egoera handitzen” duela salatu du Busturialdeko Itaiak behin baino gehiagotan. Hori dela eta, Lurgorriko eta Institutuko geltokietako zerbitzua indartzeko eta bermatzeko eskatu die Itaiak Euskotreni eta Gernika-Lumoko Udalari. Ez dute erantzunik jaso, eta eskaera indartzeko agerraldia egin zuten domekan, udaletxe aurrean.
“Ekainetik daramagu gauetako zerbitzua bermatzeko eskaria egiten, behin eta berriro. Guztira lauzpabost eskari sartu ditugu udalean zein Euskotrenen, eta Gernika-Lumoko Udaleko osoko bilkuran parte hartzeko edo bilera bat egiteko hainbat saiakera egin ditugu”, azaldu dute Itaiako kideek.
2.000 sinadura
Azken hilabeteetan, gainera, eskaera indartzeko sinadura bilketa jarri dute martxan, eta 2.000 sinadura baino gehiago batu dituzte, eta udalerriko 40 tabernak baino gehiagok egin dute bat sinadura bilketagaz.
Hala ere, udalaren jarrera “guztiz pasiboa” dela salatu dute Itaiakoek, ez dutelako instituzioaren erantzunik jaso. “Argi geratu da instituzioek zein alderdi instituzionalek aurpegi garbiketarako erabiltzen dutela berdintasuna, eskari hau bermatzeko baliabideak badaudelako”, adierazi dute.
Hala, emakumeen interesak defendatzeko helburuz, Itaiakoek uste dute emakume langileen antolakuntza independientea garatzea “beharrezkoa” dela. Ondorioz, herritarrei gauetako tren zerbitzuaren eskaera babesten jarraitzeko deia egin diete.