Goi mailako bertso saioa, Astelehen Bezperakoa
300 pertsona inguru bertaratu ziren Maialen Lujanbioren, Unai Iturriagaren, Nerea Ibarzabalen, Alaia Martinen, Sustrai Colinaren eta Koldo Gezuragaren bertsoez gozatzera.
Beste urte batez, Astelehen Bezperako bertso saioak jendez bete zuen Lizeo Antzokia domekan. 300 pertsona inguru bertaratu ziren Maialen Lujanbioren, Unai Iturriagaren, Nerea Ibarzabalen, Alaia Martinen, Sustrai Colinaren eta Koldo Gezuragaren bertsoez gozatzera, eta “goi mailako saio bikaina” izan zela adierazi zuten antolatzaileek.
Egonkortutako saioa da Astelehen Bezperakoa. “Bere sasoian Astelehentxutxuren eta Urriko Azken Astelehenaren aurreko domekan hutsune bat zegoela ikusi genuen, eta lehen mailako bertso saioa egitea erabaki. Eta erabaki ona izan zela uste dut. Egun ona da, jendeak ondo hartzen du, eta bertsoak entzutera bertaratzen dira hainbat eta hainbat herritar”, adierazi dute antolatzaileek.
Ohi legez, lehen mailako bertsolariak bertaratu ziren udalerrira, eta, horien artean, Lilibertsoko kide Gezuraga aritu zen. “Oso gustura” geratu zen egindakoagaz Lilibertsokoa, eta bertsolariek ere ondo lan egin zutela dio. “Oso gustura egon zirela aitortu ziguten saioa amaitutakoan. Areto polita da Lizeo Antzokia eta ikusleen berotasuna sentitu zuten”, adierazi dute.
Urteoko hitzordua.
Astelehen Bezperako bertso saioa urteroko hitzordua bihurtu da, eta hurrengo urteetan ere antolatzen jarraitzeko asmoa dute Lilibertsokoek. Gainera, hurrengoetan, aurten lehenengoz egindakoari apustuagaz jarraituko dute eta bertso taldeko kide bat igoko da oholtzara: “Lilibertsoko kideok hainbat urte daramatzagu bertsotan, eta saioan parte hartzeko maila dugula iruditzen zaigu. Hala, aurtengoari eutsiko diogu”.
Saioaren ostean, gainera, bertsolariekin eta elkarregaz egoteko aprobetxatzen dutela aitortu dute Lilibertsokoek, baita “asko gozatu” zutela ere.