Giro ederrean egin dute 46. Eibar-Nabarniz
Beste urte batez, Eibar-Nabarniz mendi ibilaldia antolatu du Athletic Nabarniz lagunarteak. 46. ekitaldia izan da aurtengoa, eta hamar lagun inguruk egin dute ibilaldia. Ostean, elkartekideak bazkaritan elkartu dira.
Zapatuan 46. Eibar-Nabarniz mendi ibilaldia egin zuten, Athletic Nabarniz lagunarteak antolatuta. Eibar eta Ermua arteko muga Nabarnizegaz lotzen duen 29 kilometro inguruko tartea mendiz mendi igaro zuten ibiltariek; hamar lagun inguruko taldea elkartu zen ibilaldirako. Antolatzaileek azaldu dutenaren arabera, eurtengo irteeraren balorazioa “ona” da. Ekitaldiari beste urte batez jarraipena eman ahal izanagatik “konforme” agertu dira.
Parte hartzaileek 06:00ak inguruan eman zioten hasiera egunari: Nabarnizko autobus geltokian bildu ziren, eta Eibarrerainoko bideari autobusez ekin zioten; tartean, Gernika-Lumon geldialditxoa egin zuten, bertako zenbait parte hartzaile bidaiari batu zitezen. Behin Eibarrera ailegatuta, eguraldi ederragaz egin ahal izan zuten ibilaldia. Eguna borobiltzeko, Nabarnizko Aboitiz jatetxean lagunarteko bazkaria egin zuten. Bazkaritan, ibilbidea egin zutenez gain, elkartekiderik beteranoenak eta, hain zuzen ere, Eibar-Nabarniz ibilbidearen hasierak ezagutu zituztenak egon ziren.
Bazkaritan ere, “giro bikaina” egon zela adierazi dute antolakuntza lantaldetik; era berean, “eskerrik beroenak” eman gura izan dizkiete Nabarnizko Udalari, emandako laguntzagatik, eta aurtengo parte-hartzaile guztiei. Hurrengo urtera begira, ibilaldiagaz jarraitzeko asmoa agertu dute.