Klima-hezkuntzari buruzko topaketa egin dute BBK Kliman
Klima-hezkuntzari buruzko topaketa egin zuten barikuan (urriak 28), Busturiko BBK Klima Abentura Parkean. Iraunkortasunerako hezkuntzaren arloan lan egiten duten askotariko eragile euskaldunak elkartu ziren, berrikuntzari eta klima-hezkuntzari buruzko ezagutzak, bizipenak eta hausnarketak trukatzeko.
“Karbono isuriei dagokienez neutroak diren bizi-estilo iraunkorrak sustatzeko” asmoagaz antolatu zuten topaketa. Helburu nagusia lankidetza eta elkarrizketa sustatzea izan zela azpimarratu dute, baita eragile, diziplina eta maila anitzeko kasuak trukatzea ere, “ezagutzaren eta hezkuntza eraldatzailearen bidez klima-hezkuntzaren arloan aurrerapausoak eman” ahal izateko, eta hezkuntzarako ikuspegi “berritzaileak aurkeztea eta hezkuntza formaleko, ez-formaleko eta informaleko programa pedagogikoak hobetzea” ere.
Topaketa UNESCO Etxeak bultzatu du, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren eta BBK Klimaren laguntzarekin, Asteklimaren baitan.