Urriko Azken Astelehena, 125.000 herritarren topaleku
Goizetik hurbildu dira baserritarrak udalerrira, 09:00etarako prest izan baitituzte 293 postuak. Goizetik, herritarren joan-etorria etengabekoa izan da, eta 15:00ak bitartean, zer saldu eta zer erosi izan dute azokan bildutakoek. Salmentak "ondo" joan direla nabarmendu dute ekoizleek.
Lehen sektoreko ekoizpenaren erakusleiho bikaina izan da, beste behin, Gernika-Lumoko Urriko Azken Astelehena. Bi urtetan, urriko azoka nagusia antolatu barik egon eta gero, 125.000 bisitari zenbatu ditu udalak, 2019an baino 15.000 pertsona gehiago; orduko hartan 110.000 bisitari hurreratu ziren udalerrira. Hori horrela, urri bukaerako hitzorduak ez du hutsik egin, eta eguraldia lagun, giro bikainean murgilduta dabiltza bizilagun eta bisitariak.
Goizetik hurbildu dira baserritarrak udalerrira, 09:00etarako prest izan baitituzte 293 postuak. Goizetik, herritarren joan-etorria etengabekoa izan da, eta 15:00ak bitartean, zer saldu eta zer erosi izan dute azokan bildutakoek. Usain eta itxura berezia izan dute Artekale, Domingo Alegria, Idustria, Juan Calzada kaleek, baita Pasealeku eta Foruen plazak ere, izan ere, horietan banatuta egon dira postu eta txosnak.
Zabaleko Urdaibai Nekazaritza Ekologikoak Juan Calzadan eduki du postua, eta salmentak ondo joan direla aitortu du Bingen Pino ekoizle mundakarrak. “Salmentak ondo doaz, baina udan egon den lehorteagaz produktu gutxiago izan ditugu saltzeko. Indaba gutxi, pipermin gutxi…”, adierazi du Pinok. Hala ere, postuan eduki duen guztia erosi dute bertaratu direnek: “Produktu gehiago izanez gero, gehiago salduko genuke, baina pozik gaude erantzunagaz”.
Sartagudako Lourdes Makua postuko Elias Saizek dio “jende nahikoa” bertaratu dela, baina aitortu du “jende gehiago” espero zuela. Hala ere, salmentak “nahikoa ondo” joan direla dio: “Ez dugu kantitate asko saldu, baina espero baino gehiago bai. Egun honi itxaroten egoten gara, esperoan, noiz etorriko zain”. Produktu gutxiago izan dute hauek ere, baina “kalitate hobekoa”.
Urdaibaiko Txakolinak Artekale kalean eduki du postua, eta Roman Mestraituak dio jendea “edateko gogoz” ailegatu dela udalerrira. “Jende asko gerturatuko zela espero genuen, eta jendeak nahikoa probatu du. Pozik egoteko eguna da”, azaldu du Mestraituak. Bi urteren ostean, azokan izan dira, “asko esperotako” egunean, euren berbetan.
Guztira, 2019an baino hamazazpi postu gutxiago jarri dituzte aurten, eta gehienak artisauenak izan dira –50–. Gaztaren 37 postu egon dira, eta ortuari eta barazkien 27; askotariko produktuentzako 28 postu egon dira. Halaber, 24 postutan saldu dituzte euskal ogi eta pastelak, 18 txakolinerako, 12 makineria erakusteko, 11 kontserbetarako, zortzina sagardorako eta ahate paterako, eta beste bosna eztirako eta loreetarako. Esnekietako lau postu egon dira, besteak beste.
Eguna zirimiriagaz hasi den arren, eguraldia lagun izan dute goizean zein eguerdian Gernika-Lumon. Eguerdian, Andoni Egaña, Sebastian Lizaso eta Onintza Enbeita igo dira ohotzara, eta ingurukoak gozarazi dituzte. Momentu horietan jendetza batu da Merkurio inguruan; batzuk postuak ikustera hurbildu dira, eta, beste batzuk, dastatzera eta erostera.
Salmahaiak ez ezik, txosnak ere jendez bete dira, eta tradizioari eutsiz, taloa jan dute askok eta askok.
Bertsolarien saioa bukatu bezain laster hasi dute ortuarien, fruten, txakolinaren, eztiaren, gaztaren eta apaintzeko loreen lehiaketako sari banaketa.
Egurdian batu da jende gehien Gernika-Lumon, baina arratsaldean ere azokako egitarauagaz jarraituko dute. Iluntzean, gainera, zesta partiduekin gozatzeko aukera izango dute Jai Alai frontoian. Halaber, goizean hasitako festak jarraipena izango du Astran, musika festaz gozatzeko aukera baitute parte hartzera animatzen direnek.
Bideak itxita.
Gernika-Lumoko Udalak gogorarazi duenez, azokak ibilgailuen joan-etorrian eragingo du. San Juan kalea bihar goizera arte egongo da itxita, eta, Artekale, Juan Calzada eta Adolfo Urioste kaleetatik ezingo dira ibilgailuak igaro eguen goizera arte, desmuntatze eta garbiketa lanak direla-eta.