Unai Lekerika, munduko azpitxapeldun Miarritzen
Unai Lekerikak Iñaki Osa Goikoetxeagaz batera jokatu du Munduko Txapelketako finala, Miarritzen, baina ezin izan du garaipena lortu Aritz Erkiagaren eta Imanol Lopezen kontra; 2-1 galdu dute finala.
Unai Lekerika gernika-lumotarra, Iñaki Osa Goikoetxea beterano zumaiarragaz batera, munduko zesta-punta azpitxapeldun berria da. Zapatuan lehiatu zuten Munduko Txapelketa, Miarritzeko Jai Alai pilotalekuan. Partidu oso lehiatua izan arren, azkenean Aritz Erkiaga aurrelari ispastertarrak eta Imanol Lopez atzelari zumaiarrak irabazi zuten finala. Erkiagak, beraz, Munduko Txapelketako garaipena berretsi du lau urteren ondoren; Jonathan Duke Gonzalezegaz batera Bartzelonan eskuraturikoaren ostean, bigarrena du Ispasterkoak. Lopezek eta berak 2-1 menperatu zituzten Lekerika eta Goikoetxea.
Bikote urdinak lehendabiziko seta modu bikainean jokatu zuen. Abiadura eta lehiakortasun maila handiko lehen seta izan zen, eta Goikok zein Lekerikak asmatu zuten partiduaren erritmoa maisuki kudeatzen. Puntista biek ederto jakin zuten beren lekuan egoten eta partiduari ekarpenak egiten: gernika-lumotarrak, frontoiaren atzeko koadroetan; gipuzkoarrak, aurrealdean. Lekerikak, bere eskumakadekin, jokoaren kontrola hartu zuen, eta horrek gipuzkoarrari tantoak bukatzea ahalbidetu zion. Lehen seta modu sendoan poltsikoratu zuten: 9-15.
Bigarren setean, bikote gorria partidua iraultzeko asmoz kantxaratu zen lehen unetik: Lopezek atzealdean indarrak orekatzea lortu zuen, aurkeriei estutasunez jokatzera behartuz. Erkiagari zegokionez, ez zuen erdietsi ohiko legez jokoan alboz sartzerik, baina hai, ostera, Goikoetxeak lehen zatian baino pilota gutxiago eskuragarri edukitzea. Lehen seteko garaileak, 8-7 edota 10-9ko markagailuekin, oso hurre egon baldin baziren ere, Erkiagak azken esfortzua egin zuen, eta 15-9 irabazi zuten seta. Munduko Txapelketa, horrenbestez, berdinketa haustean erabaki zen.
Hirugarren aldi horretan, hain zuzen ere, Erkiaga eta Lopez nagusi agertu ziren lehenengo momentutik. Nekea agertu zen Goikoetxearen eta Lekerikaren jokoan, eta horrek beraien akatsak areagotzea ekarri zuen. Erkiagak eta Lopezek, beren aldetik, azken seta presio barik irabazteko arrakala zabaldu zuten markagailuan, eta, 10-2 irabazi ondoren, munduko txapeldun bihurtu ziren Miarritzen.
Emakumezkoak ere, maila handian. Nesketan, nagusitasunaren erakusle nagusia finalaurrekoetako emaitzak izan ziren. Eneritz Lizardik mutrikuarra eta Maite Ortiz de Mendibil arabarra Mayorca-Ballesteros bikote mexikarra baino askoz gehiago izan ziren, ez zieten inolako aukerarik eman: 15-4 eta 15-2 gailendu ziren. Ihart Arakistain berriaturrak eta Arai Lejardi markina-xemeindarrak ere erraztasun handiagaz lortu zuten garaipena Sorozabal eta Aude frantziarren kontra: 15-6 eta 15-5.
Finala askoz orekatuagoa izan zen, azken batean txapelketako bi bikoterik indartsuenak ziren. Hasieran urduritasunak nagusitu ziren, bi bikoteek ez ohiko akatsak egin zituzten, asko zegoen jokoan. Hori bai, jokoaren ekimena gorriek ezartzen zuten, 6-3 aurreratu ziren. Pixkanaka Arakistain jokoan gehiago eta hobeto sartzen hasi zen 6nako berdinketa jarri arte. Gorriek aurrelari berrituarra jokoz kanpo utzi nahi zuten eta horrela alde egin zuten berriro markagailuan 12-7koarekin. Zalantzarik gabe 14-8ko tantoa izan zen partidako tantorik onena, lau puntistek maila ikaragarria erakutsi zuten pilota oso gaitzak itzuliz. Miarritzeko frontoia betetzen zuten ikusleak zutik jarri zituzten. Azkenean, lehen seta gorria izan zen: 15-10.
Bigarrena are eta berdinduagoa izan zen, ez zen zulo handirik zabaldu markagailuan. Lejardi ohi baino deserosoago zegoen atzeko koadroetan, pilotari neurria hartu gabe. Arakistain jokoan sartzen zen bakoitzean erritmoa aldatzen zuen, eta aurreko koadroetan jokaldi bikainak amaitu zituen bi paretaz. Horrela lortu zuten zuriek 7-10 aurreratzea. Ez zuten asko iraun, Ortiz de Mendibilek eta Lizardik ezker horma ezin hobeto bilatu zuten berdinketa lortu arte. Bigarren seteko azken tantoan erabaki zen munduko txapelketa. Aurrelari zumaiarrak ezker horman itsasi zuen pilota eta Arakistainek ezin izan zuen zesta sartu: Ortiz de Mendibil eta Lizardi, munduko txapeldun.