Etxebarriazarraga seigarren sailkatu da Donibane Garaziko finalaurrekoan
Oihana Iguaranek irabazi du Bertsolari Txapelketa Nagusiaren bigarren finalaurrekoa, Donibane Garazin, eta, beraz, zuzenean sailkatu da finalaurrekoen bigarren itzulira.
Aitor Etxebarriazarraga Gabiola gernikarra seigarren sailkatu zen Bertsolari Txapelketa Nagusiaren bigarren finalaurrekoan, zapatuan (urriak 29). Oihana Iguaran Barandiaranek irabazi zuen, eta beraz, zuzenean pasatu da finalaurrekoetako bigarren itzulira (Amurrion kantatuko du azaroaren 19an).
Sarrera guztiak agortuta, 1350 bertsozale bildu ziren Donibane Garaziko Jai Alai frontoian.
Iguaranek 688,5 puntu lortu zituen eta puntu erdira geratu zen Amets Arzallus Antia. Nerea Elustondo Plazaola sailkatu zen hirugarren, 628 puntugaz; laugarren Asier Azpiroz Iztueta 616,5 puntugaz; bosgarren Haritz Mujika Lasa 615 puntugaz. Etxebarriazarragak 612 puntu bildu zituen. Zihara Enbeita Gardoki gernikarra izan zen gai-jartzailea.
Hasierako agurren ostean, binaka aritu ziren zortziko handian eta txikian. Gero, berriz, puntuka egin zuten zortzi bertso osatu arte, eta, jarraian, seiko motzean hiruna bertso bota zituzten. Azken ariketan, ganbarako lanean, Azkenean probatu duzu, eta jabetu zara ez zela espero zenuena izan zen gaia bertsolariek, bakarka, hiruna bertso botatzeko.
Asteburu honetan Irunen daukate hitzordua. Ficoban jokatuko dute lehenengo itzuliko hirugarren finalaurrekoa, zapatuan (azaroak 5) 17:00etatik aurrera. Honako bertsolari hauek ariko dira: Nerea Ibarzabal Salegi, Ane Labaka Mayoz, Jone Uria Albizuri, Maddalen Arzallus Antia, Miren Artetxe Sarasola eta Sustrai Colina Acordarrementeria.
Azaroaren 12an Durangon izango da lehenengo bueltako azkenengo finalaurrekoa. Gero, Amurrion (azaroak 19), Baionan (azaroak 26) eta Bilbon (abenduak 3) lehiatuko dituzte bigarren itzulikoak. Hala, finalaurrekoen bi bueltetako puntuazioak batuta erabakiko dira finalistak.
Saio denetarako sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian.