Belaunaldi berrien "itxutxulera": ia 700 gazte batu ditu Astelehentxutxuk
57 paella eta ia 700 lagun elkartu dira Astelehentxutxun. Lagun arteko aldartea eta jai giroa nabarmendu dira goizetik hasita. Arratsaldean ere bide beretik egingo du egunak: briska, mus eta Beer-pong txapelketak egingo dituzte, Astrako aparkalekuan egingo diren musika emanaldietara joan orduko. Antolatzaileek egunaren balorazio "bikaina" egin dute, eta belaunaldi berrien esku hartzea nabarmendu.
Zenbait urtetako etenaldiaren ondoren eta Itxutxulera lelopean, Gernika-Lumoko gazteek Astelehentxutxu ospatu dute berriro. Merkatu plaza eta Astrako aparkalekua ardatz harturik, egun osoko egitarauaz gozatzen ari dira gaur, goizean hasita. Antolatzaileak “guztiz asebeteta” daude gazteria gernika-lumotarrak duela 10 urte jaio zen jaialdiari aurten eman dioten harreragaz. Izan ere, 57 kuadrillak izena eman dute paella txapelketan eta osotara 604 pertsona zenbatu dituzte. Hain zuzen ere, kopuru “ederra eta itxaropena ematen duena” dela azaldu dute: “Berez 604 parte hartzaile zenbatu izan arren, azken orduan jende gehiago hurreratu da laguntza ematera eta giroaz gozatzera; beraz, 700 lagun inguruko kopurua litzateke errealistena”.
Belaunaldi berriek “kateari eutsi diotela” izan da antolakuntza lantaldeak begi onez hartu duen ezaugarria. Pertsona gazteak nabarmendu dira merkatu plazan, baina baita aurreko urteetan egondakoak edota jaiaren lehendabiziko ekitaldiak ezagutu izan dituztenak ere. “Astelehentxutxuk Urriko Azken Astelehena orduko zapatua aspaldi konkistatu zuen Gernika-Lumoko gazteen iruditegian, eta pozgarria da ikustea etenaldiaren ostean horri oraindik eutsi egiten zaiola”.
Belaunaldirik gazteenetakoek, gainera, Astelehentxutxuren prestakuntza bidean “modu aktiboan” parte hartu dutela azpimarratu dute antolatzaileek. “Beharbada, horixe da gehien poztu gaituena, ospakizun hau bertatik bertara bizi dutela erakusten baitu; bileretan aurpegi berriak sumatzea eta gaur bertan plaza jendez gainezka dagoela ikustea kontu ederra da jaia berreskuratzea begi onez ikusi duten guztientzat. Badago motiborik ospatzeko”.
Paellekin batera, kuadrilla bakoitzak bertso bat idatzi behar izan du eguerdian zehar, eta infogunean aurkeztu. Paellarik onenak ez ezik, bertsorik onenak ere saria edukiko du arratsaldeko sari emate ekitaldian. Antolakuntzatik nabarmendu dute “maila oneko bertsoak” ere irakurri dituztela: “Zenbaitek gai interesgarriak jorratu dituzte, denetariko moldeak ikusi ditugu”. Paella txapelketako kuadrilla irabazleak txapela, ardo botila eta “sari sorpresa bat” jasoko dute. Bertsorik onena egiten dutenek, ostera, patxaran botilaz gozatuko dute. Era berean, tokiko produktuez osaturiko otzara zozkatuko dute rifak erosi dituzten guztien artean.
Arratsaldean ere, jai giroa. Bazkalostean, Bixok Bat bikoteak ipini dio doinua mahaigainekoari. Besteak beste, euskal taldeen bertsioak moldatu dituzte, eta plaza aho batez abesten jarri dute. Latzen, Berri Txarrak, Rotten XIII, Ibil Bedi, Doctor Deseo… asko eta denetarikoak izan dira jo dituzten bertsioak. Dezibelek behera egin barik, bingo musikatuaren eta briska, mus nahiz Beer-pong txapelketen txanda izango da arratsaldean. Briska eta mus txapelketako garaileek txapela eta ardau botila jasoko dituzte sari; Beer-pong eta bingo musikatukoek, hurrenez hurren, “ezusteko saria” eta mozorroa hartuko dituzte.
Kuadrilla bakoitzak paella prestatzeko espazioa garbi mantentzeko ardura hartu du, antolatzaileen berbetan: “Eskatutako garbitasunerako material dena ekarri dute; antolakuntzak 20 euroko fiantza ipini du, dena topatu dugun bezala geratu dadin, eta badirudi gehienek edo ia-ia guztiek konpromiso horri eutsi diotela. Zentzu horretan ere pozik gaude“. Iluntzean, jai giroak ez du geldialdirik edukiko. Astrako aparkalekuan kontzertuak eta DJak egongo dira, 20:00etatik aurrera. Jonan Erreape & L Mental eta Xsakara bermeotarra izango dira taula gainera igotzen lehenengoak; jarraian, Ramix, Zugez eta Gorkita Unzu DJek hartuko diete testigua.
Gainera, antolatzaileek argitu dute azkenean Astrako komunak erabiliko dituztela kontzertuek irauten duten bitartean. “Astra ez da zabalik egongo, baina komunetako espazioa baliatuko dugu; zaintzak antolatuko ditugu garbitasunari eusten zaiola bermatze aldera, baina espero dugu jendeak egun osoan zehar erakutsitako errespetua, auzolana eta, oro har, garbitasuna mantenduko duela”, azaldu dute.