Winter Series bizitzeko ikuspuntu desberdin bi
Xabier Barandikak eta Diego Beaskoetxeak bestelako ikuspuntuz ekingo diote Jai Alai Winter Seriesi. Lehenengoa uda denboraldiko izarretako bat da; bigarrena, ostera, bere azken txapelketaren ataritan dago.
Diego Beaskoetxea eta Xabier Barandika lehengusuek pilotalekuan dituzte umezaroko lehen gomutak. Umetatik frontoian hazi eta hezi dira biak ala biak, eta urteen nahiz lan gogorraren poderioz ailegatu dira zesta-puntaren gailurrera. Beaskoetxeak 1997an egin zuen debuta; Barandikak, 2016an. Beaskoetxeak hamaikatxo Grand Slam, lehiaketa eta partidu poltsikoratu ditu kirol ibilbidean; Barandika, aldiz, aireratzen dagoen hegazkina da. Donostian pilotari handiek duten ikusmiragaz jokatu zuen, eta handik lasterrera eskuratu zuen Hondarribiko Grand Slama.
Aho zapore eztiagaz eta “maila onean” abiatuko du beteranoak Jai Alai Winter Series, hau da, etxeko lehiaketa. Imanol Lopez zumaiarraren aurrelaria izango da, eta helburua argi dauka: “Azkena izan zein ez, ni beti ateratzen naiz irabaztera”. Lehengusua ere antzera mintzo da, hautagaiez galdetuta: “Unai Lekerika eta biok irabazteko prest gaude. Beharrezkoa den guztia egingo dugu horretarako”.
Barandika: “Unai Lekerika eta biok irabazteko prest gaude. Beharrezkoa den guztia egingo dugu horretarako”
Biek ondo dakite txapelketa horretan gailentzeko formula zein den. Beteranoak “orain arteko bideari” eutsiko dio: “Winter Series moduko lehiaketa batean argi eduki behar da egun txarren bat edukiko duzula, eta gakoa egun horretan ahalik eta mailarik duinena ematea da; buru aldetik sendoa izan behar zara, batez ere, ligaxkako partiduetan”. Barandikak ere “partiduz partidu eta borrokaz borroka” joatearen garrantzia dauka ahotan: “Nahitaezkoa da aurkari txikirik ez dagoela ulertzea; aurten, pilotari bikote benetan lehiakorrak egin dituzte, eta horrek nabarmen igoko du txapelketaren bataz besteko maila”.
Kiniela ugarik Aritz Erkiaga aurrelari ispastertarra eta Jon Bullet Zabala atzelari markina-xemeindarra faborito legez ipini arren, gernika-lumotarrek “oso hurretik” jagon behar den beste bikote bat ere badagoela diote: Iñaki Osa Goikoetxea zumaiarrak eta Nicolas Etxeto bidartarrak osatutakoa. “Eskarmentu handiko bikotea da, eta zentzu askotan min handia egin dezakete; Goikoren maila sobera ezaguna da, eta Etxetok oso sendo eutsi diezaioke jokoari kantxaren atzealdeko koadroetan”, azaldu du Beaskoetxeak.
Beaskoetxea: “Winter Series moduko lehiaketa batean argi eduki behar da egun txarren bat edukiko duzula, eta gakoa egun horretan ahalik eta mailarik duinena ematea da”
Txapelketaren hazkundeaz. Bi puntistak Winter Seriesen aurtengo hazkundeagatik “pozarren” ageri dira. Lehiaketa bi hilabetetik laura bikoiztuko da, eta irteera lerroa gernikarrentzat hain berezia den datan ipini dute: Urriko Azken Astelehenean. Presioa sentitzetik urrun, “motibazioagaz” ageri dira biak.
Barandikak azaldu du frontoia gainezka ikustera “oso ohituta” daudela: “Hori Danian behin eta berriro ikusten genuen zer edo zer da; han normaltzat jotzen da harmailak gauero-gauero jendez lepo betetzea, zesta-punta ikuskizun baten pareko zerbait delako”. Beaskoetxeak, aldiz, nabarmendu du etxekoen aurrean jokatzeak “inplikazio gehigarria” eskatu ohi duela: “Zure buruaren bertsio are bikainagoa ematen saiatzen zara puntista legez hazten ikusi zaituen Jai Alai katedralean“.
Gazteenak argi dauka lehengusu nagusia “ispilu” izan dela bere ibilbidean zehar: “Izugarri ikasi dut berarengandik; niretzat, erreferente handi-handia da, eta nire joko estiloak ere berarenaren antz itzela daukala esango nuke. Hain zuzen, kaskoa jantzita gaudenean, elkarren berberak garela diosku sarritan jendeak”.
Beteranoa “eskertuta” ageri da: “Gauza polita da elkarregaz jokatzeko aukera eduki izana; Winter honi eskatu diezaiokegun agertokirik ederrena biok finalean topo egitea da”. Etorkizunera begira, zesta-puntaren inguruan jarraitzeko asmoz dago Beaskoetxea: “Jai Alai zesta eskolakoekin beharrean segituko dut, zesta-puntaren ingurukoak gaztetxoenei irakasteko”.
Barandikak ere ez du bide hori baztertzen: “Zesta-punta irakasteko modu berriak eta, batez ere, gaurkotuagoak daude; kontua ez da, oraintsura arte legez, umeak kantxan jokatzen uztea. Horretan sakondu gura nuke”. Bien bitartean, urteko hitzordu garrantzitsuenetakoa zain dute Jai Alain, beren etxean. Astelehenean bertan hasiko da.