Estu eta larri, baina garaile
Lointek Gernika Bizkaiak Rutronik Stars Keltern talde alemaniarraren kontrako garaipena eskuratu du Dresdenen, EuroCup Womeneko multzokako faseko lehen norgehiagokan. 69-73 nagusitu dira Anna Montañanarenak, berdintasunean eta bi taldeen arteko lehia estuan oinarritutako partiduan. Bihar Emakumezkoen Endesa Ligako bosgarren jardunaldian jokatuko dute, Spar Gironaren kontra. Fontajaun izango da partidua, 20:00etan.
Lointek Gernika Bizkaiak garaipen garrantzitsua lortu du, 69-73ko markagailuagaz, Rutronik Stars Keltern talde alemaniarraren kontra, EuroCup Women lehiaketako multzokako faseko lehendabiziko norgehiagokan. Atzo jokatu zuten partidua, Kelternen. Talde bien arteko berdintasuna izan zen partiduko gidalerroa; alemaniarrak uneoro koxkatxo bat aurretik ibili ziren, etxean ardura hartuz, baina ez ziren gai izan 6 puntutik gorako aldea egiteko. Oshlynn Brown estatubatuarra izan zen alemaniarren jokalari distiratsuena; Lointekek, bere aldetik, azken txanpan partidua iraultzea lortu zuen.
Lehendabiziko minutuetan talde bien arteko neurketa nagusitu zen: biek ala biek aurkariaren maila aztertu zuten bai erasoan, bai defentsan. Anna Montañana entrenatzaile valentziarrak ohiko boskotea kantxaratu zuen hasieratik: Sandra Igerabide, Rosó Buch, Laura Spreafico, Julie Wojta eta Sofia da Silva. Bost jokalarien arteko komunikazio lana bikaina izan zen lehen zati horretan: erasoan oldarkor agertu ziren, eta denfentsan, ostera, elkarlanean. Dena dela, etxeko taldeak jokalari nabarmendu bat eduki zuen, mailari eusteko: Oshlynn Brown estatubatuarra. 28 puntu eta 15 errebote poltsikoratu zituen atzo. Ia parean amaitu zuten lehenengo laurdena: 15-19.
Ordaintzen diren akatsak. Bigarrenean, aldiz, Lointekek zenbait hutsegite egin zituen: ez zuten ganoraz asmatu baloiaren zirkulazioan, 4-5 metrotik eginiko jaurtiketetan kale egin zuten, eta zuzeneko blokeoetara jo behar izan zuten; defentsa beharretan ere ez ziren lehen laurdenean bezainbesteko fin ibili. Horrek etxeko taldeak 7-0eko partziala eskuratzea eta Montañanak hutsartea eskatu beharra ekarri zituen. Rosó Buch kataluniarraren hiruko jaurtiketa batek berdinketa ekarri zuen; aldi horretako azken unean Da Silva eta Brooque Williams estatubatuarra, Gernikaren azken fitxaketa, nabarmendu ziren; 31ra berdindu ondoren, 33-37ko markagailuagaz joan ziren aldageletara.
Atsedenaldi ostean, norgehiagokak borroka itxura hartu zuen: Keltern aurretik ibili zen, baina Lointekek ez zuen etsi. Gernika-Lumoko taldea uneoro bi eta lau puntu arteko aldeagaz atzetik aritu zen, berdinketa lortu ezinik. Bost minuturen faltan, Montañanak hutsartea eskatu zuen; neurri horrek eroan zituen berdinketara, baina, hori bai, partiduan aurrea hartzea gaitza zen gernika-lumotarrentzat. Sandra Igerabide izan zen gogorren saiatu zena; partidu oso lehiakorra egin zuen, 13 puntu, 12 errebote eta 6 asistentzia eginda.
Laugarren laurdenera eta 60-62ko markagailura arte, lehia handia egon zen. Buch eta Wojta nabarmendu ziren tarte horretan. Era berean, Williamsek unerik gogorrenetan taldearen ardura beregain hartu zuen. Minutua eta hamabi segundu falta zirenean, Igerabidek distantzia erdiko jaurtiketa bat egin, eta 69-70ekoa ezarri zuen Lointeken alde. Tentsiozko azken zati horretan, jaurtiketa libreak gako izan ziren, beste behin. Williamsek bi eroan zituen, eta Igerabidek bat. Azkenean, 69-73ko markagailuagaz nagusitzea lortu zuen Lointekek. Garaipen garrantzitsua EuroCup Womenen Montañanaren neskentzat. Itzuliko partidua, gainera, Malosten jokatuko dute, azaroaren 16an.
Alemaniatik zuzenean Kataluniara. Europako lehiaketako nekea berreskuratzeko ia asti barik, bihar Fontajaun jokatuko du Gernikak, 20:00etatik aurrera, Spar Gironaren kontra. Emakumezkoen Endesa Ligako bosgarren jardunaldiko partidua izango da. Spar Girona, Perfumerías Avenidagaz eta Valencia Basketegaz batera, ligako “talde sendoetako bat” dela adierazi dute Lointekeko lantaldetik. Dena dela, badakite Fontajau lako kantxa gaitz batean ezustekoa ematea zer den: iazko denboraldian, luzapenean lortu zuten garaipena.