Gaztedi Busturialdeak 20.000 euro banatu ditu zortzi gazte enpresa sendotzeko
Laguntza bakoitzaren zenbatekoa 2.500 eurokoa da, eta hurrengo hauek jaso dute: Bermeoko Taho Rentalek, Mundakako Flow Mundakak eta Gernika-Lumoko Geroa Zentroak, La Fierbintik, Urdaifitek, Eroski Tabernak, Amäikak eta Caos Estudiok.
Gazteek enpresak sortzea eta horiek sendotzea da Gaztedi Busturialdearen helburuetako bat, eta hori bultzatu asmoz, 20.000 euroko diru laguntza banatu du proiektuaren parte diren udalerrietan erroldatutako zortzi gazte enpresaren artean.
Guztira 18 izan dira laguntzen lehen deialdira aurteztutako eskualdeko enpresak, eta horietatik zortzik lortu dute diru laguntza: Bermeoko Taho Rental, Mundakako Flow Mundaka, Gernika-Lumoko Geroa Zentroa, La Fierbinti, Urdaifit, Eroski Taberna, Amäika eta Caos Estudio.
Planaren diru poltsa ekonomikoa 21.080 eurokoa da, eta onuradunak 35 urtetik beherako gazteak dira, 2021ean enpresa bat sortu zutenak eta Gaztedi Busturialdea proiektuaren parte diren udalerrietan erroldatuta daudenak. Laguntza bakoitzaren zenbatekoa 2.500 eurokoa da, eta zehaztu dute diru laguntza hori enpresak sortzeko eta sendotzeko beste laguntza batzuekin bateragarria dela.
Beste urte batez, Bermeoko eta Gernika-Lumoko Udaletako gazteria zerbitzuek, Urremendi Landa Garapen Elkarteak eta Bizkaiko Foru Aldundiak lankidetza hitzarmena sinatu zuten ekainean Gaztedi Busturialdea proiektua garatzeko eta gauzatzeko. Helburua da lankidetzarako esparrua zehaztea, Busturialdeko udalerrietan gazteriaren arloko politika integralak ezarriz, sustatuz eta garatuz. Hori horrela, diru laguntza hau hitzarmenaren baitan sartzen da.