Ermitak: elkargune eta aterpe
'Ermitak busturiarren alkargune eta aterpe' izeneko dokumentala aurkeztu zuen Labayruk udalerrian, eta aretoa jendez bete zen.
Udalerriko ondarearen adierazgarri dira Busturiko ermitak, eta Ondarearen Europako Jardunaldietan ermitei buruzko datuak ezagutzeko aukera izan zuten busturiarrek. Izan ere, Ermitak busturiarren alkargune eta aterpe izeneko dokumentala aurkeztu zuen Labayruk udalerrian, eta aretoa jendez bete zen.
Familia bizitzaren ardatza etxea den modura, gizartearena auzunea izan da, “elkarri laguntasuna eta babesa emateko”. Labayruk zehaztu duenez, Euskal Herriko auzo gehienek euren ermita dute: “Sarritan, ez dakigu lehenago zer izan zen, auzoa edo ermita”.
Busturian, hain zuzen ere, bost ermita daude: Edurretako Ama Birjiarena Parezin, eta San Bartolome eta San Kristobal izen bereko auzoetan; horiez gain, Padurako San Antonio dago Abiñan eta Kurtzio, Axpen. “Lehenengo laurak auzo ermitak dira, eta elkarren artean desberdintasunak izan arren, orokorrean eraikin txikiak dira eta inguruko baserrien antzeko ezaugarriak dituzte. Kurtzio, ostera, gurutze toki, santutxu edo gazteleraz humilladero esaten denetarikoa da”, azaldu dute Labayrukoek.
Gaineratu dute busturiarrek lotura “estua” eduki dutela auzoan auzoko ermitagaz, dela garbitzeko, dela konpontzeko, dela jai eta ospakizunetarako. “Auzolanean jokatu izan dute ermitaren inguruan”.
Horiek guztiak jaso dituzte fundaziokoek ikus-entzunezkoan, bai herritarren ahotik zuzenean, bai Alberto Santana historialariaren bitartez. “Busturiko ermitek zer esan eta zer erakutsi asko dute”, diote.
Jakinarazi dutenez, ikusleak “pozik” geratu ziren proiekzioagaz, eta herriko ondarearen beste parte bat ezagutu dute. Dokumentala aurkeztu ostean, Juanjo Hidalgok gidatuta, bisita gidatua egin zuten herriko ermitetan zehar, eta “jakingarriz” betetako ibilbidea izan zela adierazi dute.