Busturialdeak du Bizkaiko langabezia tasarik altuena
Eustatek argitaratu dituen langabeziari eta okupazioari buruzko datuen arabera, Busturialdea, Debagoiena eta Arabako Lautada ziren 2021ean langabezia tasa handiena zuten Bizkai, Araba eta Gipuzkoako eskualdeak.
Eustatek aste honetan langabeziari eta okupazioari buruz argitaratutako ikesten arabera, Busturialdea zen 2021eko urtarrilaren 1ean langabezia tasarik handiena zuen Bizkaiko eskualdea, % 13,1eko bataz bestekoagaz. Busturialdeagaz batera, Arabako Lautada (% 13,5) eta Gipuzkoako Debagoiena (% 12,9) dira euren lurraldeko langabezia tasarik altuena dutenak.
Bestalde, langabezia tasa txikiena zuten eskualdeak izan ziren Bidasoa Behera (% 8,5), Kantauri Arabarra (% 8,3) eta Durangaldea (% 8,4).
2011 eta 2021 bitartean, langabeziak behera egin du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ia eskualde guztietan. Eustatek Errioxaren kasua azpimarratu du, hamar urte horietan % 8,8 jaitsi delako langabezia tasa, 2021ean % 10,1ekoa izatera iritsi arte.
Datuen arabera, Bizkai, Araba eta Gipuzkoako 251 udalerritatik 140 udalerritan langabezia tasa % 10etik beherakoa zen iaz, eta beste seitan % 3tik beherakoa. “Udalerrika, 251tik 231tan murriztu da langabezia tasa 10 urteko aldi horretan, eta 195 udalerritan bataz bestekoaren azpitiko langabezia tasak izan dira”, zehaztu dute. Gaineratu dute, iaz udalerrien artean langabezia tasa handiena zuten udalerriak zirela Sestao (% 16,9) eta Oion (% 16,5).
Hiriburuei dagokienez, Donostiak zuen langabezia tasarik txikiena (% 9,7) eta Gasteizek eta Bilbok, berriz, bataz bestekoa gainditu zuten, % 12,1eko eta % 13,7ko langabezia tasagaz, hurrenez hurren.
Genero arrakala % 7,2ra murriztu da.
2011n, gizonen okupazio tasa % 53,6koa zen, eta emakumeena, berriz, % 43koa; beraz, ehuneko 10,6 puntukoa zen aldea duela 10 urte, baina 7,2koa zen, iaz. 2021ean gizonena ia berdin mantendu zen (% 53,5), eta emakumeena hiru puntu baino gehiago igo zen: % 46,3ra izateraino. “Horrek esan gura du batzuen eta besteen arteko aldea ehuneko 10,6 puntukoa zela 2011n, eta ehuneko 7,2 puntura murriztu dela hamar urte horietan”, azaldu dute.
“Sexuaren araberako okupazioaren aldeak aztertzean, udalerriaren tamainaren aldagaia sartzen bada, adierazitako aldea mantentzen da. 40.000 eta 100.000 biztanle bitarteko geruzan soilik da datua Bizkai, Araba eta Gipuzkoako bataz bestekoa baino handiagoa: 7,8 puntu gehiago gizonen okupazioan emakumeen okupazioan baino, bataz besteko orokorraren 7,2 puntuekin alderatuta”, gaineratu du Eustatek.
Hiriburuen artean, Donostia da gizonen eta emakumeen artean okupazio tasan alderik txikiena duen hiriburua: emakumeena % 46,4 da, eta gizonena % 52,4; ehuneko sei puntu, beraz, bien artean. Gasteizen dago emakumeen okupazio tasa handiena probintzia hiriburuetan, % 47,7koa, eta gizonen okupazio tasarekiko aldea 6,5ekoa da. Datuek diotenez, Bilbon dago, “alde handiz”, emakumeen okupazio tasa txikiena: % 43,5ekoa da datua. Sexuen arteko alderik handiena ere Bilbon dago, 7,3 puntuko aldeagaz, “nahiz eta gizonen okupazio tasa ere hiru hiriburuetako txikiena den (% 50,8).