Astelehen Bezperako lehen mailako bertso saioa
Maialen Lujanbio, Unai Iturriaga, Nerea Ibarzabal, Alaia Martin, Sustrai Colina eta Koldo Gezuraga igoko dira Gernika-Lumoko Lizeo Antzokiko oholtzara. Domekan, 18:00etan hasiko da saioa.
Kultura “ezinbestekoa” dela arrazoi hartuta, Urriko Azken Astelehenaren bezperako domekan bertso festa ospatzea erabaki dute, beste behin, Lilibertsoko kideek. Ohi legez, aurten ere, lehen mailako bertsolariak gerturatuko dira Astelehen Bezperako Bertso Saiora. Hain zuzen ere, Maialen Lujanbio, Unai Iturriaga, Nerea Ibarzabal, Alaia Martin, Sustrai Colina eta Koldo Gezuraga igoko dira Gernika-Lumoko Lizeo Antzokiko oholtzara. Domekan, 18:00etan hasiko da bertso saioa, eta herritarrei bertaratzeko deia egin diete antolatzaileek.
Egonkortutako saioa da dagoeneko domekako saioa. “Bere sasoian ikusi genuen Astelehentxutxuren eta Urriko Azken Astelehenearen artean hutsune bat zegoela, eta lehen mailako bertso saioa egitea erabaki genuen”, azaldu dute antolatzaileek. Onartu dute gaur egun jendeak baduela saioaren berri, eta hori izan zela hasierako euren asmoa: saioa egonkortzea.
Sarreren salmenta “oso ona” izaten ari dela diote, eta Lizeo Antzokia bete egingo dutela uste dute. “Oraindik ez da guztiz bete, baina bidean da. Inoiz baino arinago hasi dira sarrerak erosten, eta Lizeo betetzea espero dugu”, adierazi dute arduradunek.
Aurten, lehenengoz, Lilibertsoko kide bat igoko da oholtzara, eta hurrengoetan ere hala izatea gura dute: “Lilibertsoko kideok hainbat urte daramatzagu bertsotan, eta saio horretan parte hartzeko maila dugula iruditzen zaigu. Hala, urtero-urtero, taldeko kide bat eliteko bertsolariekin aritzeko apustua egin dugu”.
Oraingo honetan, Koldo Gezuraga izango da taldeko ordezkaria. Ez dago “urduri”, baina konziente da lehen mailako bertsolariekin arituko dela, eta adierazi du “saio polita” egiteko gogoa daukala: “Gustatuko litzaidake saio polita egitea, lehen mailako bertsolariekin Gernikan arituko naizelako. Gernikako areto zarratu batean bertsotan aritzeak badauka bere xarma”.
Hala, herritarrei bertaratzeko deia egin diete Lilibertsoko kideek, “saio entretenigarria” izango delako: “Bertsolari horiek osatutako bertso saioak osagai onak ditu ondo ateratzeko”.