293 postuk beteko dute Urriko Azken Astelehena
Bi urteko etenaren ostean, Urriko Azken Astelehenak jendez, zaporez eta kolorez beteko du Gernika-Lumo. Astelehenean (urriak 31) 09:00etan zabalduko dute azoka; gazta ekoizleen eta artisauen postuak izango dira gehienak. Onintza Enbeita, Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso bertsolarien saioak, produktu onenen sari banaketak eta gaztaren enkanteak hartuko dute eguerdia. 17:00etan hasiko da festa Astran.
Bi urteren ostean, badator Urriko Azken Astelehena Gernika-Lumoko txoko guztiak girotzera. Nekazaritza protagonista duen azokak beteko du udalerria astelehenean, eta 293 postutan zer saldu eta zer erosi edukiko dute gernikarrek zein kanpotik bertaratzen direnek, “artisau eta gazta postuak izango dira presentzia handiena” izango dutenak.
Kaleetako postuen banaketari dagokionez, Artekalen, Domingo Alegrian, Industria kalean, Juan Calzadan, Pasealekuan eta San Juanen egongo dira.
09:00etan zabalduko dituzte euskal ohitura eta kultura batzen dituen azokaren ateak, eta 15:00etara bitartean, Euskal Herri osotik iritsitako ekoizleen produktuak ikusi, dastatu eta erosteko aukera izango dute bertaratzen direnek. Gazta, eztia, euskal pastela, ogia, txakolina, barazkiak, artisautza produktuak eta beste hainbat produktu ekarriko dituzte.
Baserrietako ekoizpenaren eraksuleihoa izaten da Urriko Azken Astelehena, azken hilabeteetan egindakoak herritarren aurrean bistaratzeko egun aproposa. Izan ere, azokak jendetza batzen du urtero. 2019an egin zen azkenengoz, eta orduko hartan, 110.000 pertsonaren aterpe izan zen udalerria.
Baserritarren lana aitortzeko lekua ere izaten da urriko azoka nagusia, eta aurten ere azoka zarratu aurretik egingo dute sari banaketa Merkurioko agertokian, 13:00etan. Ohi modura, barazki, lore, fruta, txakolin, gazta eta eztirik onenak sarituko dituzte.
13:30ak aldera hasita egingo dute jande gehien batzen duen ekimena: gazta enkantea. Beste urte batez, irabazlearen eta bigarren onenaren gazta erdiak eramango dituzte enkantera. 2019ko gazta gozoena Aguiñiga gaztandegiko gazta izan zen, eta 6.600 eurotan erosi zuen Nafarroako Zoko Patxaranak.
Gazta- dastaketan honako profesional ospetsuek parte hartuko dute: Jose Miguel Olazabalaga, Aizian eta Melia Bilbao jatetxeetakoa; Beñat Ormaetxea, Jauregui Barria jatetxekoa; Daniel Garcia, Zortziko jatetxekoa; Ricardo Perez, Yandiola jatetxekoa; Sergio Ortiz del Zarate; Zigor Iturrieta, Txoriene jatetxekoa; Javier Garcia, Boroa jatetxekoa; Joseba Uribarri euskal aktorea eta Ana Martin enologoa.
Urriko Azken Asteleheneko enkantea ezaguna den modura, irailean egiten den Ordiziako Gazta Lehiaketa ere abda oso ezaguna. Aurten, han, La Leze Ilarduiako gaztandegiak (Araba) irabazi du; 9.600 eurotan saldu zuten gazta erdia, eta Bodegas Mitartek eskuratu zuen.
Oraingoan ere, sari banaketa eta enkantearen aurretik, bertsolariek ohiko saioa eskainiko dute Merkurion. Onintza Enbeita, Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso igoko dira oholtza gainera, 12:00etan.
Eta, egunari amaiera emateko, txosnetako musikaz gain, musika festa antolatu dute Astran. 17:00etan zabalduko dituzte fabrika sozialeko ateak, eta jarraian hasiko da festa. Bertan ariko dira Dj Little Martin Selektah, Pary & Tiza, Tzerriz eta Gorriontxu Ta Laztana.
Kale mozketak. Azokak ibilgailuen zirkulazioan eragingo du, beste behin. San Juan kalea itxita dago gaurtik martitzen goizera arte, eta, Artekale, Juan Calzada eta Adolfo Urioste kaleetatik, ostera, bihartik (urriak 29) eguen goizera arte (azaroak 3) ezingo dira ibilgailuak pasatu.