MusEkintzaren eskutik, dantza garaikidea Europako Herrien Parkean
Maitane Sarraldek Desanuda ikuskizuna eskainiko du zapatuan (urriak 29), 13:00etatik aurrera, Europako Herrien Parkean, doan.
MusEkintza jaialdiak Gernika-Lumon egingo du geldialdia asteburu honetan. Euskal Herria Museoaren eskutik, dantza garaikidea eta esekia uztartzen dituen Desanuda ikuskizuna eskainiko du Maitane Sarraldek zapatuan (urriak 29), 13:00etatik aurrera, Europako Herrien Parkean, doan.
Egileak azaldutakoaren arabera, korapiloa eta hutserako erori biluzia mintzagai nagusi dituen ikuskizuna da. Egitura mugikorrarekin eta bertatik zintzilik dauden elementuen elkarreraginean, pieza honek “gorputztasun ugariei buruzko ikerketa” egiten du korapilo baten itotzearen eta horrek eragiten duen ezegonkortasunaren aurrean. Sarralderen berbetan, mutur solte baten bila dabilen gorputz korapilatu batekin aurkituko dira ikusleak: “Zeruertzeko lerroak erortzen lehertu, biratu eta gainjarri egiten dira. Zeruertza astindu egiten da erortzen den labirinto batean. Kontzientzia osoa galtzen duzu, zer dagoen goian eta zer behean, zer datorren lehenago eta zer ondoren. Zure gorputzaren eta inguruaren kontzientzia galtzen duzu”.
11 ikuskizun. Arte diziplina ezberdinak batzen dituen proposamena da MusEkintza, eta bigarren edizioa du aurtengoa. Zazpi museotan eta lau agertoki berezitan 11 ikuskizun eskainiko ditu. Hain zuzen ere, zinema, antzerkia, ilustrazioa, musika, dantza, poesia, eskultura, moda eta bertsolaritzari buruzko ikuskizunak eskainiko dituzte hamar hilabetetan zehar.
Busturialdeari dagokionez, Bermeoko Arrantzaleen Museoan izango da hurrengo hitzordua. Urtarrilaren 28an, Elisabeth Perezen Memoria de un Pez Bueno album ilustratuan oinarritutako ikuskizuna eskainiko dute, Bilboko Txistu Bandak arreta handiz aukeratutako doinuekin batera ( iaz inprobisatutako ilustrazioen saioa egin zuten ). Santimamiñek ere parte hartuko du aurtengo edizioan; Ez da kasualitatea saioa egingo dute bertan, ekainaren 24an.