Urdaibain zikloturistentzako eskaintza hobetzeko urratsak egiten hasi dira
Urremendi Landa Garapen Elkarteak, Eusko Jaurlaritzak, Bikefriendly agentziak eta eskualdeko hainbat eragilek zikloturismoa Urdaibain bultzatzeko eta sustatzeko proiektua egingo dute elkarlanean. Kalitate eskuliburua eta saio parte hartzaileak egingo dituzte guztien artean.
Urremendi Busturialdeko Landa Garapen Elkarteak, Eusko Jaurlaritzagaz eta Bikefriendly agentziagaz elkarlanean, zikloturismoa sustatzeko eta bultzatzeko estrategia integrala egiteko proiektua aurkeztu du, gaur, Busturiko Ekoetxean. Aurkezpen agerraldian egon dira Urremendiko zuzendari Aitziber Ansotegi, Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Ostalaritza zuzendari Goyo Zurro eta Bikefriendly-ko ordezkari Luis Poch; beraiez gain, ez dute hutsik egin eskualdeko turismo alorreko eragile publiko nahiz pribatuetako ordezkariek eta Urdaibaiko zikloturismoagaz loturiko taldeetakoek. Proiektu turistiko hori Europar Batasunak finantzaturiko Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren testuinguruan kokatu dute.
Euskualdeko zikloturismo eredua hauspotzeko egitasmoak, azaldu dutenaren arabera, “bete-betean bat egiten du” Urdaibaiko turismo kalitatea “behin eta berriro hobetzeko ideiagaz”. Era berean, argitu dute Euskadi, eta horren barruan Urdaibai Biosfera Erreserba, “mundu mailako zikloturistentzako erreferentziazko eremu” bihurtu gura dutela. Proiektuaren aurkezpen saioak bat egin du, gainera, 2023ko Frantziako Tourraren ibilbide osoa aurkeztuko duten egunagaz.
Ibilbide horretako lehendabiziko hiru etapak Euskal Herrian lehiatuko dituzte, eta Bilbok, hain zuzen ere, Grand Départ edo Tourreko irteera handia hartuko du. Ibilbide horretako lehenengo etapa oso-osorik egingo dute Bizkaiko lurraldean eta mundu osoan zehar emitituko dute. Hori dela eta, antolatzaileek “aukera paregabea” izango dela adierazi dute Urdaibaik helmuga turistiko modura daukan “ikusgarritasunari eta edertasunari” ateak zabaltzeko.
Busturialdea zikloturismoaren helmuga gisa bultzatzeaz gain, Urremendik “bizikletagaz estuki loturiko turismo produktu berriak” sortu gura ditu; hori ahalbidetzeko, elkarlana abiatu dute eskualdean dauden turismo arloko enpresa, elkarte nahiz klubekin, eta baita herrietako udalekin ere. Produktu sorta kalitate eskuliburu batean bilduko dutela azaldu dute hizlariek, eragile guztien ekarpenetan oinarriturik.
Ansotegik, hain zuzen ere, nabarmendu du zikloturismoaren sustapena jorratuko duen proiektuaren izaera “guztiz parte hartzailea” izango dela: “Zikloturismoaren gaia duela urte pare batetik lantzen gabiltzan kontua da, besteren artean, Aixerrotape Txirrindulari Elkarteagaz batera. Esku artean dugun proiektu hau, baina, eragile guztiekin aurrez aurre behar egin gura dugu; horrenbestez, hainbat saio egingo ditugu, bertoko zikloturismoaren balioa, kalitate maila eta eskaintza eredua jorratze aldera. Besteak beste, tailerrak, bizikletak saltzeko zein alokatzeko dendak, ostalaritza eta turismoagaz lotutako enpresak ekimen honen parte izango dira”.
Ansotegi: “Esku artean dugun proiektu hau eragile guztiekin aurrez aurre egin behar dugu”
Horregaz lotuta, egungo bi zikloturista eredu nagusiak zeintzuk diren zehaztu dute aurkezpenean. Batetik, bidaia bizikletaz egiten duten norbanakoak daude, hau da, bidaia “bizikletaren inguruan” antolatzen duten horiek. Bestetik, beren bidaiaren barruan bizikletagaz loturiko jardueraren bat egiten dutenak daude; bigarren horien kasuan, bizikleta bidaia barruko bigarren mailako elementua litzateke. Landuko duten proiektuak bi profil horien beharrizanak “egokien asebetetzeko” neurriak jorratuko ditu, argitu dutenez.
Saio parte hartzaileak. Egitasmoak, eragile guztiekin batera zenbait saio parte hartzaile egingo dituzte. Lehenengo saioa, hain zuzen, gaur bertan izan da. Aurkezpenera bertaratutako eragileetako ordezkariekin zikloturismoaren indarguneak eta espezializazioa landu dituzte: txirrindularien denetariko tipologiak aztertu dituzte, bisitari legez dauzkaten berezitasunen inguruan sakondu dute, eta sektoreko premia espezifikoak zeintzuk diren eztabaidatu dute.
Hurrengo saio parte hartzaileak datorren hilean egingo dituzte: azaroaren 3an. Lehenengoa 09:30etik 11:00etara bitartekoa izango da, eta bertan Urdaibaik eskaintzen dituen “balioen proposamena” aurkeztuko dute; horrez gain, aurkeztuko duten turismo produktuen kalitate eskuliburuaren nondik norakoak ere aditzera emango dituzte saio horretan. Bigarren saioa jarraian egingo dute, 11:30etik 13:30era, eta beren-beregi zuzenduta egongo da zikloturismoagaz lotutako eragileei. Izan ere, eragile guztiek elkar ezagutzea eta elkarregaz harremantzea bilatuko dute; era berean, denen artean pentsatu eta adostuko dituzte bizikletazaleentzat erakargarriak izan daitezkeen turismo produktu berriak.
Laugarren eta azken saio parte hartzailea abenduaren 14an izango da, 11:00ak eta 13:00ak bitartean: orduantxe aurkeztuko dute Busturialdeko turismo produktu berrien proposamena. Proposamen hori behin aurkeztuta, parte hartu duten eragile guztiek harekiko “atxikimendu konpromisoa” ziurtatzen duen agiria sinatuko dute. Gainera, Urdaibaiko proiektuaren kalitate eskuliburuan ezarriko dituzten gutxieneko baldintzak betez gero, Urdaibaiko Kalitate Zigilu propioa jasotzeko aukera edukiko dute. Zigilu horregaz, eskualdean zikloturismoagaz lotutako sustapen bide zein tresna komunikatiboetan agertuko dira, hala nola, liburuxketan, sortuko duten webgunean, sare sozialetan eta abar.
Zurro: “Edozein zikloturistak argi eta garbi edukiko du eskualde hau gustukoen duen jarduera egiteko benetan aproposa dela, horretarako beharrezkoak diren baliabide, azpiegitura eta sostegu guztiak dituelako”
Aurkezpenean, Zurrok adierazi du proiektu horrek Urdaibai zikloturismoagaz erlazionatutako tokiko eskaintza turistikoaren “gailurrera” igoaraziko duela: “Edozein zikloturistak argi eta garbi edukiko du eskualde hau gustukoen duen jarduera egiteko benetan aproposa dela, horretarako beharrezkoak diren baliabide, azpiegitura eta sostengu guztiak dituelako. Poriektu honek Bizkai, Gipuzkoa eta Araban turismoagaz lotuta garatzen ari garen beste 31 proiektuekin bat egiten du, eta deigarria da horietako askok eta askok dutela zikloturismoa ardatz“.
Txirrindularien kexak. Beste alde batetik, gaurko agerraldira hurreratu dira Busturialdeko zenbait txirrindulari profesional ohi, beren ikuspuntua eta ekarpenak egiteko. Ekoetxean egon dira, hurrenez hurren, Beñat Intxausti muxikarra eta Bingen Fernandez bermeotarra. Fernandezek, hain zuzen ere, tokiko bidegorrien egoera izan du ahotan. “Berez txirrindularientzat diseinatutako azpiegiturak dira, zeharo beharrezkoak, baina ez daude egoera onean eta, gainera, ez dira ganoraz kudeatzen. Oinezkoak ibiltzen dira bertatik, oztopoz gainezka daude, eta hamar kilometro orduko abiadura muga ezarri zaie ziklistei, hau da, errespetatzen ezinezkoa den muga. Bidegorrietatik errepideetara ateraz gero, ostera, gidarien kexuak, irainak, eta trafikoaren arriskua jasan behar izaten ditugu txirrindulariok. Beraz, goi-karguek irtebideren bat planteatu beharko liokete auzi horri”, nabarmendu du.
Horregaz batera, eta 2023ko Frantziako Tourraren Euskal Herriko irteera handia hizpide, Fernandezek azpimarratu du 2022ko Tourra Danimarkatik, Copenhagetik, abiatu zela eta zikloturistentzako bertako azpiegiturak (bidegorriak, kasurako) “ikusgarriak” zirela: “Kalitate, segurtasun eta errespetu aldetik, goragoko mailan daude; Tourra hemendik hasiko baldin bada, gutxienez, maila horretara ailegatzeko beharrean egon beharko lirateke arduradunak. Esate baterako, Tourra lehiatuko duten txirrindulariak zenbait egun lehenago heltzen dira hasiera hartuko duen hirira; bertoko bidegorrien egoera gaur-gaurkoz dagoen bezala ezagutuko balukete, ziur nago sinestu ere ez luketela egingo. Gauza ugari daude aldatzeko”.