Astelehentxutxuren erreleboa hartu dute belaunaldi berriek
Merkatu plazan batuko dira gazteak, eta bertan prestatuko dituzte paellak. Bingo musikatua, mus eta briska txapelketa eta Beer Pong txapelketa lehiatu ostean, lehenengoz, Astrako aparkalekuan elkartuko dira zuzeneko musika kontzertuetan.
Gazte desberdinen elkargune izateko asmoz sortu zen duela 10 urte Astelehentxutxu. Gazteak komunikatzeko helburu nagusiagaz eta gazteak lokaletatik irtenaraziz beste aisialdi eredu bat sortzeko asmoz erabaki zuten Urriko Azken Astelehenaren aurreko zapatua gazteentzako egun modura antolatzea. 2017an utzi zioten eguna ospatzeari, baina belaunaldi berriek Astelehentxutxu berreskuratu dute, egunaren esentziari, balioei eta oinarriei helduz. Beraz, busti egingo dira gazteen egunean, “busti harremantzeko, saretzeko eta elkarrekin batzeko”.
Belaunaldi berrri askok Astelehentxutxu berreskuratzeko “gogoa” erakutsi dutela diote antolatzaileek, baita “gazte desberdinen artean” helburu hori bete dutela ere: “Asanblada ireki batera deitu zen, gernikako gazte desberdinak bertaratu ziren, eta, azkenean, denon artean erabaki dugu eguna antolatzea”.
Denetariko gazteak biltzeko eguna da Astelehentxutxu, belaunaldi guztietakoak elkartzekoa, eta hori bilatu dute aurtengoan ere. “Astelehentxutxuren asmoa da denetariko jendea batzea lortzea, belaunaldi guztietakoa, eta batez ere belaunaldi berrietakoa. Hori da garrantzitsuena. Saiatu gara belaunaldi gazteei zer den astelehentxutxu azaltzen, eta eguna bera antolatzera bultzatzen. Belaunaldi berriei erakutsi gura diegu badagoela gauzak autogestionatzeko modu bat, eta euren parte hartzea bultzatu gura dugu”, adierazi dute.
Izan ere, gogoratu dute hori zela sorreratik jaiaren asmo nagusia. “Urriko Azken Astelehenaren aurreko zapatuan beti egon da jaia udalerrian, baina momentu jakin batean, Pasealekuko gaztetxe zaharrean batzen ziren gazteek gazteentzako jai bat antolatzea erabaki zuten, gazteak komunikatzeko tresna gisa. Sasoi horretan lokalen tradizio handia egoten zen udalerrian, eta lokaletatik gazteak ateratzea zen helburua, elkarrekin komunikatzeko eta kuadrilla ezberdinek batzeko”, gogoratu dute.
Orain, filosofia eta jai eredu beragaz berreskuratu dute eguna, gazteak euren artean komunikatzea eta elkarren berri edukitzea helburu hartuta. “Kalea gazteona ere badela erakutsi gura dugu”, nabarmendu dute. Hala, balio euskalzaleei eta parte hartzaileei erreparatuta prestatu dute jaia: “Jai eredu desberdin bat sortzeko beharrizana ikusi dugu eta antolatzea erabaki dugu”.
Egutegian gorriz markatutako jai egun horietakoa da Astelehentxutxu, eta gazteek Merkatu plaza betetzea espero dute antolatzaileek: “Gazte asko elkartu gara, eta badakigu jendea bertaratuko dela, baina ez dakigu zenbat etorriko diren. Belaunaldi berri asko daude Astelehentxutxu zer den ez dakitenak, baina aurtengoa ondo ateratzen bada, aurrera jarraitzea eta ahalik eta jende gehien batzea da asmoa. Uste dut Merkatu plaza beteko dugula, ez dakit zein kopurutan, baina beteko dugu”.
Astelehentxutxuren esentzia mantentzeko asmoz, paella lehiaketari eutsi diote. 10:00etan zabalduko dute infogunea, 12:00etan prestaketa gunea, eta 14:00etan aurkeztu beharko dira prestatutakoak. Gero, Bixok Bat taldearen akustikoa egongo da jan osteko egonaldia girotzeko, eta bingo musikatuak, mus eta briska txapelketek eta Beer Pong txapelketak hartuko dute lekukoa.
Aurreko urteetan legez, gunearen garbiketa bermatzeko asmoz, parte hartzaileek 20 euroko fiantza ordaindu beharko dutela gogorarazi dute antolatzaileek. Diru hori bueltatu egingo diete, “bazkaltzeko gunea garbi dagoela ziurtatu eta gero”.
“Kalea gazteena ere bada”.
Jan eta gero, musika kontzertuak egongo dira Astrako aparkalekuan, lehenengoz. Astelehentxutxuko antolatzaileek gazteak herrigunera bideratu gura zituzten iluntzean, kontzertuekin gozatzeko asmoz, eta Astra inguruan egingo dute hori.
Hala ere, salatu dute udalak erraztasunak eman beharrean, “arazoak” baino ez dizkietela jarri: “Kalean ekitaldiak antolatzeko gure eskubidea aldarrikatzen dugu. Ekitaldi bat antolatzeko laguntza eskaini beharrean, arazoak baino ez dizkigu eman”.
Gazteei egun handira bertaratzeko deia egin diete, “ondo pasatzeko egun oso polita delako”. Diotenez, gazteak hurreratuz gero, “egun borobila” izango da.
EGITARAUA
Merkatu plazan.
10:00. Infogunea zabaldu.
12:00. Prestaketa gunea zabaldu.
14:00. Paellak aurkeztu.
14:30. Jangunea zabaldu.
15:30. Bixok bat akustikoa.
16:30. Bingo musikatua, mus eta briska txapelketak eta Beer-pong txapelketa.
17:30. Paellen sari banaketa.
Astrako aparkalekuan.
20:00. Kontzertuak, Astrako aparkalekuan: Jonan Erreape & L Mental, Xsakara, DJ Zugez, Ramix Dj eta Unzu Gorrita.