Lekuko kontsumoa bultzatzeko bonu kanpaina abiatu dute Ean
Abenduaren 31ra arte martxan egongo da. 10 euroko baliodun 400 bonu kaleratu dituzte. Tokiko komertzioetan kontsumitzeko erabili ahalko dira; 10 euroko bonuagaz, 5 edo, kasu batzuetan, 4 ordaindu ahalko dituzte.
Eako Udalak tokiko komertzioetako produktuen kontsumoa sustatzeko bonu kanpaina abiatu du. Duela hiruzpalau urtetik egin izan dute kanpaina hori, eta orain arte “emaitza politak” eman dituela adierazi dute Eako udal ordezkariek. Aurtengo bonu kanpaina urriaren 20an hasi zuten, eta urte amaierara arte, abenduaren 31ra arte egongo da. Gainera, udaletik ez dute baztertu urteko beste sasoiren batean ere berriro egitea.
Aurten, 400 bonu kaleratu dituzte, eta kanpaina “bide onetik” hasi dela adierazi dute udaletik. “Herriko komertzioek estualdiak bizi ohi dituzte negu sasoian; hori gutxi ez, eta begibistakoa da gizarte mailan hipotekak, gasak, erregaiak, oinarrizko produktuek eta bestelakoek zelako prezio gorakada eduki duten. Horregatik guztiagatik, komertzioetakoei lagundu gura izan diegu, eta horretarako biderik eraginkorrena herritarrak nahiz kanpotarrak herrian bertan kontsumitzera gonbidatzea da”, azaldu dute.
Aurtengoa 10 euroko bonua izango da. Kontsumitzaileak, bonua erosita, 5 euro ordaindu beharko ditu. Gainera, baldintza jakin batzuk betetzen dituzten kasuetan prezioa 4 eurokoa izango da: langabetua, jubilatua edota pentsionista izanez gero; bere hileko diru sarrerak 1.400 eurotik beherakoak baldin badira; bere diru sarrera ponderatuak tope batetik behera egonez gero; edota familia ugariko kidea baldin bada.
Udaletik azaldu dute iraganean 20 euroko preziodun bonuak kaleratu izan zituztela, baina kasu askotan “garestiegia” suertatzen zitzaizkiela herritarrei; horrenbestez, 10 eurokoak izango dira aurten. Ondorengo komertzioetan egin daitezke erosketak bonuekin: Alex, Aloña eta Ainhoa dendetan, ileapaindegian, farmazian, Bedarolekan, Txurrusen edota Aldebasterreko Egoitzen Ortuariak barazki komertzioan.