"Doakoa, kalitatezkoa eta unibertsala" den hezkuntza ereduaren defentsan mobilizatuko dira ikasleak
Ikasle Abertzaleek greba egingo dute etzi, iazko ikasturtean finkatutako erreforma legeak "hankaz gora" jarri duelako hezkuntza esparrua. Hezkuntza sistemaren norabidea salatzeko eta "erroko aldaketak" behar direla aldarrikatzeko Bilboko mobilizazioan parte hartuko dute Ikasle Abertzaleek.
Iazko ikasturtean finkatutako erreforma legeen ezarpenaren ondorioz “hezkuntza esparrua hankaz gora” dagoela diote Ikasle Abertzaleek, eta, egoera hori salatzeko helburuz, greba deitu dute etzirako.
Hala, Hezkuntzan ofentsiba kapitalista gelditu lelopean, Busturialdeko ikasleei greba deialdiagaz bat egiteko eskatu diete: “Aldaketaz beteriko ikasturte hasiera bizi dugu ikasle zein hezkuntza komunitateko beste kolektiboek. Izan ere, aurreko ikasturtean finkatutako erreforma legeen ezarpenarekin hezkuntza esparrua hankaz gora dagoela hasi dugu ikasturtea: ikastetxeen noraeza, neurri berriei buruzko ezjakintasuna eta aldaketen aurrean baliabide eta formakuntza falta, besteren artean”.
Zehaztu dute aldaketa eta erreforma guztiak egungo “krisi testuinguruan” ulertu behar direla, “hezkuntza behar sozioekonomiko berrietara egokitzeko aldaketa gisara, eta ez hezkuntza komunitateko kidegoaren baldintza hobetzeko modura”. Hori dela eta, “egoera horren” salaketa egiteko asmoz eta “doakoa, kalitatezkoa eta unibertsala” den hezkuntza ereduaren defentsan mobilizatuko dira ikasleak.
“Ikasleon egungo hezkuntza sistemaren baitan bizi dugun errealitatea gordina da oso: ebaluazio sistema itogarria, eskola partikularren beharrizana, hezkuntza zerbitzuen murrizketak, ikasketak gauzatzeko kostu ekonomiko altuak, hezkuntza publikoan geroz eta txikiagoa den inbertsioa, arazo psikologiko eta emozional hedatuak… Aldaketa horiek guztiek heziketaren desegitean, bereizketan eta hezkuntzaren burokratizazioan zein inposizioan sakontzen dute”, adierazi dute Ikasle Abertzaleek.
Ikasle Abertzaleek uste dute Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ezarritako LOMLOE eta ezarriko duten Hezkuntza legeak martxan dauden “hezkuntzaren aldaketa prozesua formalizatzen” dituztela: “Aurreko legeek utzi zituzten ondorioak konpontzera datozen lege aurrerakoi gisa aurkeztu dizkiguten arren, ezin dugu ukatu hutsunez beteriko proposamenak direla”.
Salatu dute hezkuntza sistemari buruzko erabakiak “esku gutxi batzuen kontrolpean mantentzen” direla, “ikasleak eta hezkuntza komunitateko beste kolektiboak guztiz baztertuak diren bitartean”.
Hori horrela, Busturialdean hezkuntza sistemaren norabidea salatzeko eta “erroko aldaketak” behar direla aldarrikatzeko Bilboko mobilizazioan parte hartuko dute etzi Busturialdeko Ikasle Abertzaleek; 12:00etan Eliptika plazatik aterako dira.