Bideojokoak eta euskara uztartu dituzte
Game Erauntsia elkarteak euskarak bideojokoetan duen presentzia areagotzea, ezagutaraztea eta biltzea helburu ditu, eta hori bilatu zuten barikuan Gamer gela saioekin.
Euskarazko bideojokoen erakusleihoa izan zen barikuan Gernika-Lumoko kultur etxea. Game Erauntsia elkarteak euskarak bideojokoetan duen presentzia areagotzea, ezagutaraztea eta biltzea helburu ditu, eta hori bilatu zuten barikuan Gamer gela saioekin.
Bideojokoen arloan euskarak txoko bat izatea eta euskararen munduan bideojokoek leku bat edukitzea bilatu zuten. Izan ere, diotenez, jendeak ez du Play Stationean, Nintendo Switchen zein mugikorretan dagoen euskarazko edukia ezagutzen: “Elkartearen asmoa da horiek ezagutzera ematea, eta, horretarako, euskarazko joko horiek ordenagailu zein kontsoletan jarri dizkiegu”.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, bertaratu zirenek “ondo pasatu” zuten: “Saioa amaitzerakoan ez zuten etxera joaterik gura, eta euskarazko edukia ezagutu zuten”.