Martxan dira Bermioko Neska* Gaztiek
Bermeoko neska gazteak antolatu eta saretu gura dituzte, "emakumeen problematika errealak jorratzen dituzten ekintza desberdinak antolatzeko, eta espazio feminista bat sortzeko".
Barikuan egin zuten Bermioko Neska* Gaztiek taldearen aurkezpena, eta taldea zer den azaldu ostean, poteo musikatua egin zuten, Kabidxe Gune Sozialean bertso afarian batu orduko; Janire Arrizabalaga eta Nagore Beitia bertsolariek parte hartu zuten.
Azaldu dute, neska* gazteen erantzunkizuna dela mugimendu feministen tokian tokiko antolakuntza markoetan egotea, “beharrezkoak diren ekarpenak eginez”. Neska* gazteak “berariazko arazoak bizitzen dituzten subjektu politikoa” direla nabarmendu dute: “Neska* eta gazte izateak hainbeste zapalkuntza dakartza. Gazte eta emakume izateagatik, arrazoia eta jakintza kendu egiten dizkigute. Horrek guztiak gure parte hartze politikoan zuzeneko eragina edukitzen du, bai eta emakumeen espazioetan ere. Horretarako, neska* gazteek, ahalduntze kolektiborako tresnak eta espazioak ireki gura ditugu. Ikuspegi askatzaile batetik jorratu gura ditugu gauzak, hau da, feminismotik eraginda”.
Neska* gazteek, gainera, “beharrezkotzat” jotzen dute emakumeen profil anitzak, “ikuspegi ezberdinak eta zapalkuntza guztiak aintzat hartu ahal izateko; mugimendu feministaren erronka potolo guztiei heldu ahal izateko”.
Bermioko Neska* Gaztiek, mugimendu feminista baten parte diren heinean, egun zehatz batzuk dituzte agendatan markatuta. Horietan, ekintza desberdinak egiten direla nabarmenduta: Torturaren Aurkako Eguna, Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Eguna, Emakume Langileen Nazioarteko Eguna edota Etxeko Langileen Nazioarteko Eguna, esaterako. Hala ere, Bermeoko neska gazteak antolatu eta saretu gura dituztela diote, “beste egun askotan ere emakumeen problematika erreala jorratzen duten ekintza desberdinak antolatzeko, eta espazio feminista bat sortzeko”.