Enbeita bosgarren sailkatu da Bertsolari Txapelketa Nagusiaren lehen finalaurrekoan
Alaia Martinek irabazi du Bertsolari Txapelketa Nagusiaren lehen finalaurrekoa, Elizondon, eta, beraz, zuzenean sailkatu da finalaurrekoen bigarren itzulira. Asteburu honetan Aitor Etxebarriazarraga gernikarra izango da Donibane Garazin lehiatuko duten bigarren finalaurrekoan.
Bertsolari Txapelketa Nagusiaren lehenengo finalaurrekoa zapatuan (urriak 22) jokatu zuten, Elizondon, eta Onintza Enbeita Maguregi muxikarra bosgarren sailkatu zen. Alaia Martin Etxebestek lortu zituen puntu gehien, eta, beraz, zuzenean sailkatu da finalaurrekoen bigarren itzulira (Amurrion kantatuko du azaroaren 19an).
Bertsolariek egin beharreko lanak aldatu egin dira aurreko fasetik. Lehen bezala, binaka arituko dira zortziko handian eta txikian. Gero, berriz, puntuka egingo dute zortzi bertso osatu arte, eta, jarraian, seiko motzean hiruna bertso bota behar dituzte ostean. Azken ariketa, aurrekoan modura, ganbarako lana da, bertsolariak bakarka egin beharrekoa–hiru bertso–.
Ariketa horietako emaitzak batuta, 729,5 puntu lortu zituen Martinek. Joanes Illarregi sailkatu zen bigarren, 711 puntugaz, eta, atzetik, Agin Laburu (677 puntu) eta Unai Agirre (652,5 puntu). Enbeitak 639,5 puntu bildu zituen, eta Iñaki Apalategi sailkatu zen seigarren, 623 puntugaz.
1.400 pertsona elkartu ziren zapatuan, Baztan pilotalekuan. Amaia Castorene Luro izan zen gai-jartzailea, eta epaimahaia honako hauek osatu zuten: Ainhoa Arregi Elosua, Bakarne Urreaga Etxeberria, Ekaitz Elorriaga Anduaga, Eneritz Azkue Basurko, Joseba Beltza Bengoetxea, Joseba Santxo Uriarte eta Maialen Berra Zubieta. Hain zuzen ere, finalaurrekoetako lehenengo fasea osatzen duten lau saioetan horiek ariko dira puntuak ematen.
Etxebarriazarraga, hurrengo finalaurrekoan. Donibane Garazin jokatuko dute bigarren finalaurrekoa, zapatu honetan (urriak 29), eta bertan izango da Aitor Etxebarriazarraga Gabiola gernikarra; beragaz batera, ondorengo bertsolariak ariko dira: Amets Arzallus Antiak, Asier Azpiroz Iztuetak, Haritz Mujika Lasak, Nerea Elustondo Plazaolak eta Oihana Iguaran Barandiaranek.
Saioa 17:00etan hasiko da Jai Alain, eta sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian eskuratu daitezke, baita azaroaren 5ean Iruneko eta azaroaren 12ko Durangoko finalaurrekoetarako sarrerak ere.
Gainera, EITB-k eta Bertsozale Elkarteak lankidetzan eskainitako zuzeneko emankizunari esker, bertaratzerik ez dutenek telebistaz ikusi ahalko dituzte, lehen finalaurrekoa modura.