2023ko egutegia osatzeko argazki lehiaketak antolatu dituzte Muruetan eta Forun
Muruetan urriaren 31 izango da argazkiak bidaltzeko azken eguna. Foruarrek, berriz, azaroaren 12a izango dute argazkiak bidaltzeko azken eguna. Bi herrietan, parte hartzaile bakoitzak, gehienez, hiru argazki bidali ditzake.
2023ko udal egutegia osatzeko argazki bila dabiltza Murueta eta Foruko udalak; hala, argazki lehiaketak antolatu dituzte bi herrietan.
Herriko bazterrak bila dabiltza Muruetan, hori dute gaia. Argazkiak, hortaz, Muruetan egindakoak izan beharko dira. Udal arduradunek azaldu dutenez, edozeinek parte hartu dezake lehiaketan; adingabeek, hale ere, gurasoen edo tutorearen baimena izan beharko dute. Antolatzaileek erabakiko dute argazkiak onartu edo ez, “gutxieneko kalitate teknikoa daukaten ala ez aztertu ondoren”.
Irudiak digitalak izan beharko direla zehaztu dute, eta kultura.murueta@gmail.com posta elektronikora bidali beharko dira. Parte hartzaile bakoitzak, gehienez, hiru argazki bidali ditzake. Muruetako 20223 Udal Egutegia-Argazki Lehiaketa izenburupean bidali behar da mezua, eta parte hartzailearen izen-abizenak, harremanetarako telefono zenbakia eta argazkiaren kokapena jarri beharko dira bertan. Lehiaketan parte hartzeko azkenengo eguna urriaren 31 [astelehena] izango da.
Jakitera eman dutenez, ezingo da aurkeztu aldez aurretik aldizkari, egunkari edo liburu batean argitaratutako argazkirik, ez paperean ezta Interneten ere. Pertsonak identifikatu daitezkeen argazkietan argazkien egileek haien onespena beharko dutela jakinarazi dute.
Hamabi argazki irabazleen egileek oparia jasoko dute. Opariak lehiaketagaz zerikusia edukiko duela zehaztu dute, eta 2023ko Muruetako Udal Egutegian agertuko dira. Gainera, jasotako argazki guztien erakusketa egingo dute, parte hartzaileentzako luntx bategaz batera.
Txoko kuttunak Foruan. Foruko Udalak ere herritarren parte hartzea bultzatu gura du datorren urteko udal egutegia osatzeko. Aurtengo gaia Gure herriko txoko kuttunak dute. Foruan ere, parte hartzaile bakoitzak, gehienez hiru argazki bidali ditzake, eta liburutegi.forua@bizkaia.eus helbide elektronikora bidali beharko dira; argazkiak digitalak izan beharko direla jakitera eman dute. Udal arduradunek azaldu dutenez, argazkiak liburutegian digitalizatzeko aukera eskaintzen dute.
Azaldu dutenez, azaroaren 12a [zapatua] izango da lehiaketan parte hartzeko azken eguna.
Epaimahaia egutegia antolatzeaz, egiteaz eta editatzeaz arduratuko diren zenbait pertsonek osatuko dute. Hamabi argazki irabazleen egileek oparia jasoko dute, eta 2023ko Foruko udal egutegian agertuko dira. Gainera, Muruetan egin modura, Foruan ere jasotako argazki guztiekin erakusketa bat egingo dute.