EH Bilduk uste du pobrezia energetikoari aurre egiteko "beharrezkoa" dela laguntzak handitzea
Energia kontsumoa murrizte aldera, udalari eskatzen diote Gabonetako argien ordutegia mugatzea.
Pobrezia energetikoari aurre egiteko “buru-belarri” lanean dabil Bermeoko EH Bildu. Gogorarazi dutenez, hainbat dira azken urteetan pobrezia energetikoari aurre egiteko udalean aurkeztu dituzten neurri eta proposamenak.
Pobrezia energetikoa ekiditeko uste dute “beharrezkoa” dela egoera ahulenean dauden familiei eta berokuntza zentrala daukaten komunitateei “diru laguntza sozial eta zuzenak” ematea: “Aurreko urteko soberakina erabilita egin daiteke”. Auzoetan pobrezia energetikoko egoerak detektatzeko eta horien jarraipena egiteko sistema bat aktibatzea ere ondo legoke EH Bilduren arabera.
Auditoria energetikoak bultzatzeaz gain, energiaren bulego bat antolatu beharko litzatekeela ere uste dute. Gainera, kontsumo kooperatibak sortzearen alde ere egiten dute, “energia berriztagarrien alde eta burujabetza oligopolioak baztertu eta kontsumo lokalaren burujabetzaren apustua egiteko”.
Bermeoko Alde Zaharreko etxebizitzetan eguzki plakak jartzea ere ondo legokeela adierazi dute, eta hori posible egiteko ordenantza aldatzea eskatzen diote udal gobernuari.
EH Bilduko zinegotziak energiaren udal mahai bat martxan jartzearen aldekoak ere badira. “Udalak trantsizio energetikorako plana diseinatzea eta energia kontsumoa murrizteko neurriak martxan jartzeko plana egitea eskatzen dugu. Baita ere, energia kontsumoa murrizte aldera, Gabonetako argien ordutegia mugatzea; aste barruan, 22:00etan amatatzea eta asteburuetan 01.00etan”, gaineratu dute.
Azken aldian elektrizitatearen prezioa “nabarmen igo” dela eta, herritarrengan “inoiz baino gehiago eragin zuzenagoa eta txarragoa” daukala aipatu du EH Bilduk: “Gero eta etxebizitza gehiagotan dauzkate argindarraren fakturak ordaintzeko zailtasunak, eta arazo horrek herritarren elikaduran, etxeko berotasunean eta osasunean eragina dauka. Baita ere udalean”. Hori guztia kontuan hartuta, hortaz, krisi energetikoaren aurrean udal gobernuak hartuko dituen neurrien berri eduki gura dute: “Krisi energetiko, klimatiko eta sozialari aurre egiteko zeintzuk dira martxan jarriko diran udal politikak? Energia mahaia noiz hasiko da martxan?”.
“Lotsagarria” da EH Bildurentzat, horrelako “gai garrantzitsu” baten aurrean udal gobernuak daukan “utzikeria”.