Bermeoko gazteen artean "nabarmen" jaitsi da euskararen kale erabilera, ehun gaztetik zortzik egiten dute
Euskararen kale erabilerak beheraka jarraitzen du Bermeon. Soziolinguistika Klusterrak 2021ean egindako kale neurketako datuen arabera, elkarrizketen %29,4 euskaraz izan ziren, %67,1 gazteleraz eta %3,3 beste hizkuntza batzuetan.
Atzo arratsaldean aurkeztu zuten Bermeon 2021ean egindako hizkuntzen erabileraren kale neurketa. Soziolinguistika Klusterrak egin du aipatu neurketa, eta emaitzak, hain zuzen ere, Soziolinguistika Klusterreko teknikari Belen Urangak eman zituen. Datuek adierazten dute, euskararen kale erabilerak beheraka jarraitzen duela Bermeon, %29,4koa da; %33,6koa zen 2016an.
Deigarria da, gainera, gazteen artean (15-24 urte), nabarmen jaitsi dela euskararen kale erabilera. Gazteen %8,4k (2016an %14,8) baino ez du kalean euskara erabiltzen, nahiz eta %84,3 gai den euskaraz egiteko.
Zazpi puntuko jaitsiera eduki duten arren, adinekoak (64 urtetik gora) dira Bermeon euskaraz gehien egiten dutenak (%45,4). Urangak dio “ez dela ohikoa” izaten, baina Bermeon eutsi egiten diote euskarari. Ohikoena izaten da, Urangaren arabera, umeen taldea (2-14) izatea eukaraz gehien ibiltzen direnak, ez, ordea, Bermeon (%39,39); 2016ko datuekin alderatuta, hala ere, hiru puntu gora egin du umeen euskararen erabilera. Helduen taldea, berriz, bi zatitan banatu dute oraingo kale neurketan: Heldu gazteak (25 eta 44 urte) eta heldu nagusiak (45-64). Heldu gazteek euskara gehiago erabiltzen dute kalean: %29,2. Heldu nagusieen erabilera, berriz, %18,6koa da. “Heldu gazteen artean ume txikiak dituzten guraso asko daude, eta horregatik izan daiteke adin tarte horretakoek euskara gehiago erabiltzea”, esan du Urangak.
Urangak argitu duenez, hizkuntzen kaleko erabilerak kalean entzuten den erabilera neurtzen du bakarrik, beraz, bat-bateko ahozko erabilera neurtzen dute. Hala, 2021eko urrian 11.040 bermeotarren hizkuntzen erabilera neurtu zuten, 3,879 elkarrizketa jasota. Kale neurketaren bidez jaso diren elkarrizketatik atera diren datu orokorrak honakoak izan dira: elkarrizketen %29,4 euskaraz izan ziren, %67,1 gazteleraz eta %3,3 beste hizkuntza batzuetan.
Bost ibilbide aztertu zituzten, eta herriko ibilbide desberdinetan portaerak ez dira berdinak. Esate baterako, Bermeoko eskola inguruko ibilbidean euskara gehiago erabiltzen da gainerakoetan baino, inguru horretan elkarrizketen % 37 izan ziren euskaraz. “Oso ohikoa” izaten dela dio, inguru horretan ume gehiago ibiltzen baitira. Azaldu du, Euskal Herrian, oro har, hizkuntza portaerak aldatu egiten direla umeak inguruan daudenean. Pertsona nagusiek gehiago berba egiten dute euskaraz, oro har, haurrak inguruan daudenean edo haiekin berbetan ari direnean. Datuei erreparatuta, haurren arteko elkarrizketak kontuan hartuta, %24,4 izan dira euskaraz. Nagusiak bakarrik daudenean, laurden batera ere ez da iristen euskaraz berba egiten dutenen kopurua (%21,4). Aldiz, talde mistoetan %47,5era igotzen da euskararen erabilera.
Emakumeek (%31), gainera, gizonezkoek (%27,6) baino euskara gehiago egiten dutela ondorioztatu dute. “Ohiko” datua izaten dela esan du Urangak, eta zergatik ematen den aztertzen ari direla gaineratu du.
Aurkezpenera bertaratu diren bermeotarren kezka “nabaria” izan da, eta “oso arduratuta” agertu dira. Datuak, orokorrean, “oso txarrak” izan dira han zeuden guztientzat, baina, batez ere, “harrituta” geratu dira gazteen datuagaz. Soziolinguistika Klusterreko teknikariak ere uste du gazteak berreskuratzeko saiakera egin beharko litzatekeela.
“Arrazoi posibleak” bilatzen ibili ziren. Ikus-entzunezkoen gaur egungo hautua aipatzen zuten batzuek, euskarazko kultur eskaintza eskasa zioten beste batzuek. Kirol munduan dagoen “gabezia handian” ere jarri zuten fokua, “zeregin handia dagoela” nabarmenduta.
Bertaratutakoek argi zeukaten “gizarte mailako erantzukina, inplikazioa eta mugimendua beharrezkoak” direla joerari buelta emateko.