Saguzarrei buruzko saioa antolatu du Lurgaia Fundazioak
Urriaren azkenengo asteburuan saguzarrak behatzeko ibilaldia eta zuhaitz landaketak egingo dituzte, eta umeentzako tailerra emango dute.
“Ingurune naturala ezagutzen, zaintzen eta gozatzen” segitzeko beste proposamen bat prestatu dute Lurgaia Fundazioko kideek, urriaren azkenengo astebururako. Zuhaitzak landatzeagaz batera, saguzarrak behatzeko ibilbidea egin, eta umeentzako tailerra ere emango dituzte.
Zapatu arratsaldean (urriak 29) zuhaitzak landatuko dituzte. Horretarako, 16:00etan elkartuko dira Ibarruriko Andra Mari elizaren aurreko aparkalekuan. Iluntzean, berriz, saguzarren bila ibilaldia egingo dute. Javi Aizcorbe adituak gidatuta egingo dute saioa, 19:30etik aurrera: “Ultrasoinu detekzio-aparatuekin, interpretazio-ibilbidetxoa egingo dugu, animalia horiei eta gure basoetan eta gure bizitzetan duten garrantziari buruz hitz egiteko”.
Domeka goizerako ere badaukate hitzordua. Undabason landaketa egiten duten bitartean, umeek tailerra egingo dute; WABI-SABI Natura taldeko lagunekin jolastu eta ikasiko dute, “naturan murgildutako tailer dibertigarri batean”. 09:30ean elkartzeko deialdia egin dute.
Eguerdian asteburua borobiltzeko pintxoak edukiko dituzte.
Asteburuko hiru jardueretan parte hartzeko derrigorrezkoa da aldez aurretik izena ematea, info@lurgaia.org helbide elektronikora idatzita. Urriaren 27a (eguena) baino lehen izena eman behar da.
Oraingo honetan ere zenbait gomendio eman dituzte: ura eroatea, eta nahi dutenek, jateko zeozer eta mendiko edo ur-botak eta, aurreikuspenaren arabera, uretako arropa eroateko esan dute.