Osakidetzak 171.000 euro inbertitu ditu Bermeoko osasun zentroan
Hain zuzen ere, pediatria gunea eta administrazio arloa berritzeko lanak egin dituzte. Buruko osasuneko kanpo kontsultak Bermeoko ospitalera eraman dituzte.
Itxura berritua dauka Bermeoko osasun zentroak. Izan ere, Osakidetzak 171.000 euro inguru inbertitu ditu osasun zentroa berritzeko. Hain zuzen ere, pediatria gunea eta administrazio arloa berritzeko lanak egin dituzte.
Azaldu dutenez, hobekuntza horien helburua da “inguruneak herritarren premia berrietara egokitzea, Lehen Mailako Arretako zentroak ingurune adeitsuago bilakatzea eta arreta hurbilagoan, integralagoan eta pertsonalizatuagoan sakontzea”. Uste dute, berrikuntza horiei esker bermeotarrak “erosoago” egongo direla, baita ere Osakidetzako zentroan lan egiten duten profesionalak.
Buruko osasuneko kanpo kontsultak Bermeoko ospitalera eraman dituztela jakitera eman dute. Hala, espazio horretan jarri dituzte orain kontsulta pediatrikoak. Lehenengo solairuko gune oso bat berritu dute, eta espazio askoz ere “atseginagoa eta lasaiagoa” sortu dute umeentzat eta haien familientzat. Gainera, pediatriako arlo berriak administrazio arretarako postu bat ere badauka, “kudeaketa guztiak arindu eta errazteko”.
Beste alde batetik, azaldu dute, Osakidetza administrazio arloen egitura aldaketa egiten ari dela, eta, besteak beste, Bermeoko osasun zentroan egin dutela lehenengoa. Ohiko erakusmahaien ordez, mahaiak jarri dituzte, erabiltzaileei jesartzeko aukera emanez. Arreta “pertsonalizatuagoa” ematea dute asmo, eta diotenez, konfidentzialtasuna berma daiteke. Deietarako eremu bat ere jarri dute, “telefonozko arreta eta presentziala ahalik eta gehien bereizteko”.
Bermeoko osadun zentroan egindako lanak Lehen Mailako Arretarako Azpiegiturak Zaharberritzeko Planean aurreikusita daudela aipatu dute; “2021etik, Osakidetza osoan, 14 milioi euro baino gehiago inbertitu dira osasun zentroak modernizatzen eta ekipamendu berriak eraikitzen”.
Bermeoko Lehen Mailako Arretarako Unitateak (Bermeo, Mundaka eta Sukarrieta) inguruko 19.004 pertsonari eskaintzen die arreta. Zentroak 1.784 metro koadro erabilgarri ditu, guztira, hiru solairutan banatuta. Honako zerbitzu hauek aurki daitezke Bermeon: Erizaintza, Pediatria eta Familia Medikuntza Lehen Mailako Arretan eta Ginekologiako kontsulta bat, Arreta Espezializatuan. Azken hamabi hileetan 142.561 kontsulta egon direla zehaztu dute (76.159 medikoak, 9.960 pediatriakoak, 49.478 erizaintzakoak, 4.862 emaginarenak eta 2.102 ginekologiakoak).