Kultur etxeko eskaintza osatzeko dantza garaikidea eta kale antzerkia, Gernika-Lumon
'Aireko arkitektoak' dantza ikuskizuna eskainiko dute bihar, eta 'Menu' kale antzerkia, domekan.
Hilabetero askotariko eskaintza osatzea da Gernika-Lumoko Kultur Etxeko arduradunen helburua, eta, kultur-agendaren barruan, arte-eszenikoak dira asteburu honetako zutabea. Dantza garaikidea eta kale antzerkia daude aukeran.
Aireko arkitektoak ikuskizuna eskainiko dute bihar (urriak 21), 20:00etatik aurrera, Lizeo Antzokian. Dantza arkitekturarekin lotzen duen proiektua da, espazio arkitektonikoak dantzak eta gorputzaren mugimenduak bat egiten dutena. Proiektua hainbat industria-eraikinetan inspiratutako dantza garaikideko pieza batean oinarritzen da, eta espazio horien historiari buruzko hausnarketa proposatzen du: “Arkitektoak, koreografoak eta dantzariak biltzen dira lan berean”.
Sarrerak 12 eurotan egongo dira salgai, txarteldegian. Laguna Txartela daukatenek 9 euro ordaindu beharko dituzte.
Bestalde, Dantzaz taldeak Menuikuskizun ibiltaria aurkeztuko du domekan (urriak 23), 13:30etik aurrera. Honako ibilbidea egingo dute: Lizeo Antzokia – Ocho de enero – Barrenkale barrena kalea – Artekale kalea – Picasso kalea – Industria kalea.
Kale eta espazio ez-konbentzionaletarako ekoizpen honek Josu Mujika koreografoaren sinadura darama. “Erritoaren eta zentzumenen ospakizunaren erdibidean, Babetteren festinean bizitzen ari zen magia hordigarri hori aldarrikatuz, ikuskizun ibiltari hau alegoria batean inspiratzen da, zeina, aldi berean, antzekotasun joko bat baita. Koreografoa chef bat da? Nola ulertzen, lantzen edo ontzen dituzu zure platerak?” Bost pieza eta bost pasarte koreografikoren bidez osatutako lana da: “Bost interpretek interpretatzen dituzte bost espazio alternatibotan”.