Bermeoko familia ugariek OHGZren kuotan hobaria izatea onartu dute
Eraikuntza, Instalazio eta Obren Gaineko Zergan %50eko hobaria edukiko dute gune degradatuetako etxebizitzek. 2023an zergak eta tasak ez igotzea erabaki dutela jakitera eman dute.
2023. urterako Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga (OHGZ) arautzen duen ordenantza fiskalean aldaketa bat egitea onartu zuen atzo Bermeoko Udalak, ezohiko osoko bilkuran. Hala, 2023an Bermeoko familia ugariek hobaria izango dute familiaren ohiko etxebizitzari dagokion OHGZren kuota osoan.
Azaldu dutenez, etxebizitzaren balio katastrala kontuan hartuko dute familia bakoitzari dagokion hobaria zenbatekoa den zehazteko. Era berean, hobariaren onuraduna izateko, etxebizitzaren Gutxieneko Balio Egozgarria 300.000 eurotik gorakoa ezingo dela izan aipatu dute. Bermeoko Udalak jaso dituen datuen arabera, 175 familia ugari inguru egon daitezke Bermeon, eta eurak dira hobaria eskatzera bertaratu behar direnak. Aurten, salbuespen modura, 2023ko martxora arteko epea edukiko dute hobaria eskatzeko.
Aldaketa hori Eusko Alderdi Jeltzalearen (EAJ) eta Guzanen aldeko botoekin onartu da; EH Bildu abstenitu egin da.
Beste alde batik, Eraikuntza, Instalazio eta Obren Gaineko Zerga (EIOZ) arautzen duen ordenantza fiskalean aldaketa bat egitea ere onartu zuten, denen aldeko botoekin. Modu horretan, 2023tik aurrera, birgaitze lanak egiterakoan %50eko hobaria edukiko dute herriko gune degradatuetako etxebizitzek. Jakitera eman dutenez, orain arte, Alde Zaharreko etxebizitzek baino ez zeukaten aipatutako hobaria. Eremu degradatu dira baita ere Kurtzio (ez eremu osoa), Zarragoitxi eta Itxasbegi.
Gainera, datorren urtera begira, ordenantza fiskalak, zergak eta tasak ez igotzeko erabakia hartu dute.
“Parte hartze barik”. EH Bilduren arabera, ordenantza fiskalak “oso garrantzitsuak” dira “gizarte justu eta orekatsuago” baten alde egiteko: “Politika fiskal bidezkoago eta progresiboago baten alde lan egin behar dugu, are gehiago, aspalditik daukagun krisialdi egoerak eta pandemiak areagotu duena kontuan hartuta. Inflazioaren gorakadak, gainera, familia askoren egoera okertu du”.
Tokiko zergetan “ekitatearen, progresibitatearen eta justizia sozialaren bidean” sakontzeko tartea badagoela uste dute koaliziokideek: “Progresibitatea eta ekitatea indartzeko aukerak daudenean, hobariak, laguntzak zein zerga ordainketa atzerapenak eskaini behar dizkiegu baldintza ekonomikorik okerrenetan bizi diren herritarrei”, azaldu dute.
EH Bildu kexu da 2023. urteko ordenantza fiskalak aztertzeko udal gobernuak ez duelako udalbatza osatzen duten beste talde politikoen parte hartzea bermatu: “Ez da aurkeztu ezelako zirriborrorik, dena zarratuta etorri da eduki dugun batzar bakarrera. Proposatutako aldaketak aztertzeko eta zuzenketak aurkezteko ez digute denbora nahikoa eman. Ordenantza Fiskal Orokorraren aldaketa hasieran onartzeko, aurretik eztabaidarako leku eta denbora bat egon behar da”. Horri lotuta, gauzak “presaka” egitea salatu dute.
Herritarrei laguntzeko, honako puntuak proposatu dituzte: zerga eta tasa guztietan progresibitatea aplikatzea aztertzea banan-banan eta OHGZ ordaintzeko errenta eta familia motaren araberako hobari taula bat egitea aztertzea; bosgarren edukiontzia erabiltzen duten horiek hobaria edukitzea eta herritarrei zerga eta tasa guztiak zatika ordaintzeko aukera ematea.