Nerea Ibarzabalen lehen eleberria aztertuko dute urriko TxarakIEn
TxarakIE irakurle txokoan, Nerea Ibarzabal Salegi markina-xemeindarraren Bar Gloria eleberria –bere lehenengoa– aztertuko dute, barikua (urriak 21), 19:30etik aurrera, Eskolondon.
Bertsolari eta idazlearen berbetan, “Mundu bat kabitzen” da Gloria tabernako azuleju gorri eta gainazal koipetsuen artean, eta “denboraren ate ezberdinetatik” sartuko da irakurlea bertara kontakizun honetan: “Jendea da haren zimendu, eta konplizitate uneek, isildutako bortxa-markek, lanordu konpartituek zein elkarrizketa tarteka mutuek epeldu bezala erreko dituzte habe horiek, beste batzuk eraikitzeko, akaso”.
Eleberriak Ana, Rakel eta Migelen istorioa kontatzen du. “Egunaren zurrunbiloa noiz apalduko daude Ana, Rakel eta Migel, patxaran gozotan hirurei eusten dien sarea ehuntzen segitzeko. Idi buru bat dute zelatan —gorputz gaixo baten itzala ilunpean—, eta distantzia gutxira dute Paradise, desira ukatuen dantzaleku, gela erreserbatu eta moketazko hormekin; eta baita hiria ere, lagunarte berri, arrotz denaren aire urduri eta modernitatearen lokalizazioekin”, azaldu du markina-xemeindarrak.