Heldu da hitzez ekiteko sasoia
Euskaraldirako izen-ematea zabalik dago. Entitateena urriaren 31n itxiko da; norbanakoena, azaroan. Ahobizi kopurua handiagoa da, belarriprestena baino.
Duela ia urtebete, iazko azaroaren 20an, Iruñean aurkeztu zuten euskararen kale erabilera sustatzea helburu duen ariketa soziolinguistiko masiboaren aurtengo aldia: Euskaraldia. Bertan egon ziren hainbat erakunde publikoko, euskalgintzako, eragile sozial zein politikoetako eta arlo pribatuko enpresetako hainbat ordezkari, aurtengo erronkak, berritasunak eta xehetasunak ezagutzeko. Ordutik ia urte bat igarota, Euskaraldia geroz eta hurrago dago: azaroaren 18a eta abenduaren 2a bitartean egingo dute, Hitzez ekiteko garaia lelopean. Lelo horrek, egitasmoaren sustatzaileek argitu legez, hitza eta ekintza uztartzeko beharra adierazten du: “Hitzaren bidez ekintzarako deia egin nahi zaie herritarrei nahiz denetariko entitateei, hitza baita kaleko hizkuntza ohiturak aldatu eta inertziak apurtzeko lanabes nagusia“.
Zentzu horretan, aurtengo Euskaraldia, jarduera sozial hori egingo duten hirugarren aldia, “mugarria” izan daitekeela uste dute: “Euskaraldiaren lehen edizioa berritasun handia izan zen guztientzat, eta berritasun horrek, hain zuzen ere, egokitzapena eskatu zuen; bigarren aldian, ordea, koronabirusaren pandemia egoerak jaso zuen herritarren arreta, eta Euskaraldia erdibidean geratu zen zelanbait; beraz, hirugarren aldi hau konfirmazioarena izan daiteke”.
Azken bi edizioetan bezala, aurten ere ahobizi eta belarriprest egitekoak bete ahal izango dira, bakoitzari dagokion txapa soinean eroanda: lehenengoa, ezpaina, euskara ulertzeko eta komunikazioa ekoizteko ahalmena zein borondatea daukatenei bideratuta dago; bigarrena, belarria, ostera, komunikazioa ekoizteko ez, baina euskara ulertzeko ahalmena eta borondatea dutenei dagokie. Busturialdeko aurreratu dutenez, gaur-gaurkoz izena emandakoen kopurua aintzat izanda, eskualdeotan ahobizi direnen kopurua handiagoa izango da belarriprest direnena baino. Datu horren erakusle da, esate baterako, Gernika-Lumon Euskaraldirako 2.000 ahobizi txapa eta 400 belarriprest txapa eskatu izana.
Ariguneak bultzatzera. Aurtengo edizioko erronka esanguratsuenetakoa ariguneak eta beraien garrantzia hauspotzea izango da. Ariguneak izan daitezke entitate baten barruan ohiko dinamika duten eta kide guztiek gutxienez euskara ulertzen duten taldeak (sailak, atalak, ekipoak, sekzioak, zerbitzuak, taldeak…). Osterantzean, arigunea ere bada entitatean herritarrekiko hartu-eman espazioa, uneoro belarriprest edo ahobizi bat egongo dela bermatzen bada; hau da, herritarrek uneoro euskaraz artatuak izateko bermea badute (jendaurreko postuak, supermerkatuetako kutxak, tabernariak, dendariak…).
Herriz herriko batzordeek ere zeresan berezia izango dute beste behin. Herri bakoitzeko lantalde edota eragileak ari dira arduratzen Euskaraldiaren tokiko dinamizazio beharrez. Busturialdean asko dira batzordeak eratu dituzten eremuak. Ondorengo udalerriek sortu dute batzordea: Gernika-Lumok, Bermeok, Busturiak, Mundakak, Errigoitik, Muxikak, Arratzuk, Kortezubik, Ibarrangeluk, Eak, Ajangizek eta Sukarrietak.
Bi eskualdeetan bat dator, bestalde, Euskaraldian modu aktiboan gehien parte hartzen duen herritar profila: 30 urte inguruko adina daukaten emakumezkoak. Norbanakoen izen-emate epea Euskaraldia hasi arte zabalik dagoen arren, entitateena urriaren 31n zarratuko dute. Busturialdean “erantzun ona” eduki du deialdiak; Gernika-Lumon 180 inguru dira Euskaraldiarekiko atxikidura erakutsi dutenak, gehienbat, ostalaritzaren alorrekoak. Herri txikietan ere hasiak dira Euskaraldiarekiko elkartasuna adierazten: Kanpantxun, joan den asteburuko Euskal Jaian, talde argazkia egin zuten. Gernika-Lumon ere “agerpen berezia” egingo dutela aurreratu dute, urriaren 29an, 19:00etan, Merkurio iturriaren pareko plazatxoan.