Astelehenean hasiko da Bizkaibusen greba Busturialdean
11 greba egun izango dira, eta langileen ordezkariek gutxienez KPIaren araberako soldata igoera jasotzen duen hitzarmen kolektibo berri bat eskatzen dute.
Bizkaibus zerbitzua ematen duen Busturialdea Lea Artibai Bus (BLB) enpresako langileek lanuzteak egingo dituzte astelehenean hasi eta azaroaren 30era bitartean, enpresarekin izandako hitzarmenaren negoziazioek aurrerapen txikia dutelako eta soldata igoerarik gabeko proposamenak aurkeztu dizkietelako. Langileen batzarrek berretsi egin zuten Enpresa Batzordeak egindako 11 eguneko grebarako proposamena, eta astelehenean hasiko dira lanuzteekin. Grebarako proposamenak Gernikako Azken Asteleheneko autobus zerbitzuari ere eragingo dio, izan ere, egun osoko greba egitea adostu dute.
Hain zuzen ere, astelehenean, azaroaren 2an, 7an, 9an, 14an, 16an, 21ean, 25ean, 28an eta 30ean egingo dira lanuzteak, 05:50etik 09:20ra eta 18:00etatik 21:30era bitartean, eta 24 orduko greba egingo dute Urriko Azken Astelehenean.
Enpresa Batzordean –UGTren ordezkaritza bakarra du– aho batez bozkatu zuten greba proposamena, eta lanuzteek, Bermeo, Lekeitio, Ondarroa, Gernika-Lumo, Mungia, Ermua, EHU eta Galdakaoko ospitalea Bilbogaz lotzen dituzten lineei eragiten die, sindikatuak jakitera eman duenez.
UGTk salatutakoaren arabera, “hitzarmenaren negoziazioak izoztuta” daude, izan ere, 2020ko abendutik, eguneratu gabe dago hitzarmena, eta enpresak adierazi du soldatak izozteko asmoa ere baduela. Testuinguru horretan, sindikatuak gogorarazi du Avanza Durangaldean “iazko KPIaren ( % 6,4) araberako soldata igoerak dituen hitzarmena lortu dutela”, inflazioa gora doan honetan.
Hori dela eta, KPIaren araberako soldata igoera jasotzen duen hitzarmen kolektibo berri bat eskatzen dute langileek. UGTk “fede onez negoziatzeko”, eta, besteak beste, KPIa bermatuko duten soldata igoerak adosteko eskatu die Bizkaibuseko zerbitzuaren arduraduna den Bizkaiko Foru Aldundiari eta Alsa / Transitia enpresa emakidadunei, “beste kontzesionari batean egin berri den modura”. Hau da, emakidadun “batzuen eta besteen artean soldata aldeak ez ezartzeko” eskatu die.