Sufrituta bada ere, garaipen landua
Lointek Gernika Bizkaiak 79-70 irabazi dio Barça CBSri, Emakumezkoen Endesa Ligako hirugarren jardunaldian, Malosten. Bihar Kutxabank Araskiren kontra jokatuko dute Mendizorrotzan, atzeratutako ligako lehen jardunaldian.
Lointek Gernika Bizkaia sasoiko dago, eta goranzko bidean. EuroCup Women txapelketako multzokako fasera pasatu ondoren, Barça CBS taldea hartu zuen Malosten, Emakumezkoen Endesa Ligako hirugarren jardunaldian, eta 79-70 irabazi zuen. Ana Montañana entrenatzaile valentziarraren jokalariak luzaroan markagailuan atzetik ibili ziren, baina beren eskarmentua eta etxeko zaleen berotasuna aprobetxatu zituzten, partidua iraultzeko eta garaipena poltsikoratzeko.
Partiduko lehendabiziko minutuetan berdintasuna eta tentsioa nabarmendu ziren, bi taldeetako defentsak ez baitzeuden jokoan ganoraz ezarrita; dena dela, Rosó Buch kataluniarraren hiruko jaurtiketek erritmoa hauspotu zuten, eta etxeko taldeak erasoko erreboteak bilatzeari ekin zion. Julie Wojtak erreskadan egin zituen hiru saskiratzeek bisitarien entrenatzailea hutsartea eskatzera behartu zuten, markagailuak 16-12koa erakusten zuenean. Bigarren laurdenean, Lointeken azken fitxaketa, Brooque Williams estatubatuarra, kantxaratu zen. Minutu batzuez, Gernikaren jokoak erritmoa galdu zuen; hori zela eta, Montañanak Sandra Igerabide eta Itziar Ariztimuño sartu zituen ekuazioan, eta urak bere bidea egiten hasi ziren. 24-25 atzetik zihoazela, Wojta kantxara bueltatzeak arnasa eman zion etxeko taldeari. 29-36ko markagailuagaz joan ziren bi taldeak atsedenaldira.
Aldageletatik bueltatuta, Buchek partiduko bere hirugarren hirukoa saskiratu zuen; etxeko jokalarietatik nabarmenena hura izan zen. Ariztimuño, Cvitkovic, Wojta eta Spreaficok taldearen ardura beren bizkarrean hartu behar izan zuten, eta hirugarren laurdenaren amaieran ia errentarik ez galtzea lortu zuten: 52-54. Azken partziala zoramena izan zen: Barça CBSkoek hainbat hiruko jaurtiketa bi egin zituzten jarraian. Ostean, Spreaficok eta Wojtak berdinketa lortu zuten, eta Lointek 67-60 aurretik egotera iritsi zen. Momenturik gaitzenetan, Igerabidek bere eskarmentua erakutsi zuen, eta, ardura beregain hartuta, bost puntu egin zituen segidan. Kataluniarrek, beren aldetik, hutsartearen ondoren hiruko bat saskiratu zuten, oraindik partiduan sartuta zeudela frogatuz. Azkenean, sufrituta izan arren, partidua irabaztea lortu zuten etxekoek: 79-70.
Lehen jardunaldiko partidua, bihar. Barça CBSren kontrakoaz berreskuratzeko bidean, Lointekek eguaztenean Kutxabank Araskiren kontra jokatuko du Mendizorrotzan, 19:ooetan. Emakumezkoen Endesa Ligako lehen jardunaldiko partidua izango da, EuroCup Women lehiaketagatik atzeratuta geratu zena. Montañanak ezin izango du Marta Alberdi gernika-lumotarragaz eta Nogaya Logaz kontatu, biak ala biak min hartuta daudelako. Phantoms Basket Boom, Leganes eta Barça CBSgaz egin bezala, Lointeken jomuga garaipenaren zurrunbiloan sartuta segitzea izango da.
Denboraldiaurrean jokatu zuten Araskiren kontra, Euskal Kopan, eta azken txanpan galdu egin zuten. 6’75eko lerroa kontrolpean edukitzea izango da Montañanaren helburu nagusia, klubetik azaldu dutenez. Era berean, Euskal Kopako akatsak atzera ez egitea eta, horrez gain, Brooque Williamsek taldearen jokoa ezagutzen jarraitzea bilatuko dute Gasteizen.