Haginak erakutsiz, baina saririk ez basurdeentzat
Grupo Intxausti - Gernika Rugby Taldeak 40-17 galdu du Real Ciencias Enersideren kontrako Ohorezko Mailako bigarren partidua, Sevillako San Pablo zelaigunean. Hurrengo zita azaroaren 6an edukiko dute, Urbietan, Cisneros taldearen aurka. 18:00etan hasiko da norgehiagoka, eta etxean garaipena eskuratzea izango dute helburu.
Grupo Intxausti – Gernika Rugby Taldeak aurtengo Ohorezko Mailako bigarren jardunaldia jokatu zuen domekan, Sevillan. Real Ciencias Enerside taldearen aurka lehiatu ziren San Pablo zelaigunean, eta 40-17ko markagailuagaz galdu zuten. Gernika RTko entrenatzaileak, Eduardo Maidagan gernika-lumotarrak, adierazi du “partidu oso gogorra eta nekeza” izan zela asteburukoa. Izan ere, Real Ciencias Enersidek lantalde lehiakorra osatu du 2022/2023 denboraldirako, eta Ohorezko Maila irabazteko “hautagai nagusietako bat” da.
Basurdeek sendo hasi zuten norgehiagoka, eta irabazteko aukerekin egon ziren 65 minutuz; azken ordu laurdenean, baina, etxeko taldearen potentziala nabarmendu egin zen. Entrenatzailea “oso pozik” agertu da lehen minutu horiekin: “Sevilla moduko talde lehiakor eta latz bati aurpegia erakutsi genion, eta jokoan aurrerapauso esanguratsua igarri nuen; partidua hasi orduko, ondo genekien irabaztea benetan gaitza izango zela, baina gogor saiatu ginen”. Lehen zatiaren amaieran, 12-7ko markagailuagaz joan ziren aldageletara, hau da, aukera guztiekin.
Bigarrenean, ostera, Sevillaren aldaketek aldea egin zuten: “Guk baino sakontasun handiagoa dute lantaldean, eta jokalari oso handiak zelairatu zituzten. Guk, geure aldaketekin, ez genuen larregi hobetu gure jokoa, eta markagailuan arrakala zabaldu ziguten; ahalik eta defentsarik zurrunena edukitzera mugatu behar izan ginen”. Partidua, oro har, “fisikoa” izan zela azpimarratu du Maidaganek: “Sevillak Espainiako Selekzioagaz jokatzen duten 7-8 jokalari dituzte, estatura aldetik oso handiak dira, eta izaera oso ausarta dute”.
Eraikitze prozesuan. Gernika-Lumokoa, apurka-apurka baldin bada ere, hasi da ikusten aurtengo denboraldirako buruan duen Gernika RT: “Defentsa nahiz jarrera aldetik, urratsak egiten gabiltzala ikusten ari naiz, baina ausardia apur bat falta zaigu horrelako talde handien aurka”. Fitxaketei dagokienez, “bide onetik” doazela azaldu du Maidaganek, baina oraindik “egokitzapena eta denbora apur bat” falta zaiela adierazi du. “Taldea oraindik eraikitze prozesuan dago: Ohorezko Mailako bigarren partidua izan da Sevillakoa, eta goizegi da irakurketa sakonak egiteko; beharrean jarraituko dugu, eta dagoeneko hurrengo partidura begira gaude”.
Hurrengo norgehiagoka, hain zuzen ere, Urbietan jokatuko dute; azaroaren 6an izango da, 18:00etan: Cisneros talde madrildarra hartuko dute etxean. Talde “oso lehiakorra” den arren, basurdeek badakite hari aurre egitea; izan ere, iazko denboraldian irabazi egin zioten. Urbietako partiduak “final itxura” izango duela argitu du Maidaganek: “Aurtengo lehenengo partidua izango dugu etxean, eta bai ala bai irabazteko asmoagaz aterako gara; gure jarraitzaileen aurrean garaipenagaz estreinatu gura dugu etxeko zelaia, eta gure jokoan pausoak egiten segitu”.