Boluntarioak behar ditu Gorabidek
Elkarteko aisian eta denbora libreko jardueretan adimen desgaitasuna duten pertsonei lagundu gura dieten pertsonak bilatu gura ditu Gorabidek.
Gorabideko astialdi klubak boluntarioak behar ditu, adimen desgaitasuna duten pertsonekin aisialdi jarduerak burutzeko. Lan horretan lagunduko duten boluntarioen bila dabiltza, eta esperientzia horretan parte hartu gura izanez gero, 94 443 12 10 telefono zenbakira deitu, tiempolibre@gorabide.com helbide elektronikora idatzi edota gorabide.com/voluntariado webgunean sartu beharko da.
18 urtetik gorakoei zuzenduta dago kanpaina, eta horren helburua da elkarteko aisian eta denbora libreko jardueretan adimen desgaitasuna duten pertsonei lagundu gura dieten pertsonak bilatzea. Izan ere, asko dira lankidetzarako aukerak: ludoteka, gaztegunea, tailerrak, txangoak, eguneko irteerak, kultura bisitak, abesbatza, orotariko jarduera ludikoak, kirola, edo, besterik barik, osteratxoak.
Halako boluntarioai esker, adimen desgaitasuna duten pertsonek euren gizarteratzea ahalbidetzera bideratutako jardueretan parte hartzeko aukera dute, euren denbora librea “modu dibertigarri eta asebetegarrian” erabiliz ingurune normalizatuetan. “Horrela, euren gizarteratzea sustatu eta euren autonomia bultzatzen da”, diote arduradunek. Zehaztu dutenez, ez da ikasketa edota ezagutza espezifikorik behar, elkarteak berak eskaintzen baitu prestakuntza saioa.
Betekizuna: denbora eta gogoa.
“Gorabiden boluntario modura lekua gure dutenen gutxieneko betekizunak da denbora apur bat erta esperientzia ezberdin bat bizitzeko gogoa edukitzea. Benetan merezi du”, ziurtatu du Maite Fernandez elkarteko Aisia eta Denbora Libreko zuzendariak. Dioenez, emaitza “bikoitza” da: “Adimen desgaitasuna duten pertsonek euren gizarteratzea eta bizi kalitatea hobetu egiten dela ikusten dute, eta pertsona boluntarioek esperientzia pertsonal eta prestakuntzakoa bizi dute, guztiek asko balioetsia”, gaineratu du.
Gainera, Gorabiden boluntariotza egiten dutenek esperientzia praktikoaren ziurtagiria jasoko dute, eta Denbora Libreko Titulua eskuratzeko aukera izango dute.