Beldur Barik lehiaketa jarri du martxan Gernika-Lumok
Emakundek sustatutako Beldur Barik lehiaketaren 13. edizioa hasi da, eta Gernika-Lumoko Udaleko Berdintasun sailak tokiko Beldur Barik lehiaketa jarri du martxan.
Abian da Emakundek sustatzen duen Beldur Barik lehiaketaren 13. edizioa, eta Gernika-Lumoko Berdintasun sailak tokiko lehiaketa jarri du martxan, “gazteekin hausnartzeko eta eztabaidatzeko, gizartea eraldatzeko eta gizarte martxista berdintasunezko gizarte bihurtzeko helburuz”.
Zehaztu dutenez, lehiaketara aurkezten diren proiektuek Beldur Barik jarrera izan beharko dute, hau da, indarkeria matxista mota desberdinei aurre egiteko konpromiso pertsonala zein kolektiboa erakutsi beharko dute, bideo formatuan: flashmob-ak, hausnarketarako poemak edo testuak, bideoklipak, argazkiak, argazki muntaiak, lipdub-ak, dantza, film laburrak…
Emakundek antolatutako lehiaketa 12 eta 20 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, eta proiektuak aurkezteko epea azaroaren 11ra artekoa da. Gernika-Lumoko tokiko lehiaketaren kasuan, kategoria berezia sortu dute, 10 eta 12 urte bitarteko gazteek ere parte har dezaten. Hala ere, Bizkai, Araba eta Gipuzkoako lehiaketarekin bat egingo dute beste hiru kategorietan: 12 eta 14 urte artekoa, 15 eta 17 urte artekoa eta 18 eta 20 urte bitartekoa.
Bi lehiaketetan 400 eta 150 euro bitarteko sariak emango dira. Lanak www.beldurbarik.eus atarira bidali beharko dira, eta hori egiteko azken eguna da azaroaren 11. Tokiko lehiaketaren oinarriak hurrengo estekan kontsulta daitezke: https://www.beldurbarik.eus/concurso-local-beldur-barik-lumo-2022-2/.
Topaketa eta sari banaketa zehazteke daude oraindik.