Xibarta balea ikusi dute Urdaibaiko Biosfera Erreserban
Zapatuan ikusi zuten balea Matxitxakoko itsasargitik hurbil. Baleak 12 metroko luzera zeukan.
Busturiko Ekoetxea Urdaibaiko arduradunek jakitera eman dutenez, Xibarta balea edo balea konkorduna ikusi zuten zapatuan Urdaibaiko Biosfera Erreserban. Ekoetxea Urdaibaik, Hegaluze Itsas Zerbitzuak eta verballenas.com-ek euskal kostaldean zetazeoak ikusteko elkarrekin antolatzen duten Zetazeoak 10:00etan programaren barruko irteeran ikusi zuten balea, Matxitxakoko itsasargitik “oso gertu”.
Baleak 12 metroko luzera zeukan, eta diotenez, “oso lasai” ari zen nabigatzen ekialderantz, “hiru eta lau korapilo bitarteko abiaduran”. Hala, ontziak 60 metroko segurtasun distantzia mantenduta nabigatu ahal izan zuen balearen parean. “Behaketa oso politak egin ahal izan ziren arnasa hartzera ateratzen zenean, Biosfera Erreserba eta Mundakako herria atzealdean izanik”, azaldu dute programako antolatzaileek.
Ikusteko “oso arraroa” izaten den espezie hau, “gero eta gehiago” ikusten ari dela aipatu dute; “aurten balea eder eta enblematiko hau ikusten den bigarren aldia da”. Abuztuan ere ikusi zuten Matxitxako aurrean, mendebalderantz zihoala. Irailean, berriz, Zumaia eta Pasaia aurrean ikusi zuten mota horretako ale bat. Kostaldeko balea mota dela azaldu dute, eta, horregatik, “errazagoa” da kai edo lurmuturretatik ikustea ontzitik baino; “pasabidean dauden aleak dira”.