Kantauri itsasoan harrapatzen den legatz kuota bikoiztu egingo dute
Hasiera batean aurreikusitako 4.900 tonatik 9.200 tonaraino igotzea erabaki du Europar Batasunak.
Luis Planas Espainiako Gobernuko Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura ministroak Kantauri itsasoan eta Atlantikoan harrapatzen den legatz kuota aurten biderkatu egingo dela iragarri du, hain zuzen ere, 4.900 tonatik 9.200 tonaraino igotzea.
“Gaurko eguna egun berezia da. Hegoaldeko legatzaren Espainiarako kuota erabilgarria handitzea onartuko da, iazko abenduan onartutako 4.899 tonatik 9.201 tonara, hau da, % 84ko igoeratik gora”, adierazi du Planasek Luxenburgon egin den Europar Batasuneko Nekazaritza eta Arrantza ministroen bilerara iritsi denean.
4.899 tonako muga jarri zuen Europar Batasunak zehaztutako itsas eremuetarako, baina Planasek azaldu duenez kopurua “behar beste datu zientifikorik gabe finkatu zen”. Orain datuak eskuan izanik, beste erabaki bat hartu behar izan dute: “Datu zientifikoek, txostenek, arrazoia eman digute eta, horregatik, gaur egun zabaltzeko erabakia hartzen dela iragarri dezakegu”.
Kuota 9.200 tonaraino igotzearen erabakiak, batez ere, Kantauri itsasoko eta Cadizeko Golkoko arrantzaleei eragingo die.