Busturiko Udalak 'Kirola eta Natura' irteeran parte hartzera animatu ditu herritarrak
Berbalagun egitasmoaren baitan antolatzen den ekimena da 'Kirola eta Natura'. Domekan, Azpeitiko Izarraitzera irteera egingo dute. Izena emateko azken eguna bihar da.
Berbalagun egitasmoaren baitan antolatzen duten Kirola eta Natura ekimenaren baitan, Azpeitiko Izarraitzera joateko irteera antolatu dute datorren domekarako (urriak 23). Busturiko Udalak herritarrak animatu ditu irteeran parte hartzera; joan gura dutenek bihar (urriak 18) dute izena emateko azken eguna. Berbalagun egitasmoaren webgunean izena eman daiteke: praktikatu.eus/kirolaetanatura.
“Gure helburua da gure egunerokotasunean, hau da, gizarte harremanetan euskararen erabilera sustatzea, eta euskara gure komunikazio bidea izatea, euskaraz bizi gura dugulako”, nabarmendu du Busturiko alkate Aitor Aretxagak.
Jakitera eman dutenez, Aittolako aparkalekuan hasiko da ibilbidea, 09:30ean. Kakueta, Xoxote eta Erlo gailurretatik ibiliko dira, “ikuspegi ikusgarrietaz” gozatuz. “Mendiaz eta kirol planaz gozatzeko aukera paregabea eskainiko du, baita ere naturan euskara praktikatzeko aukera apartekoa”, adierazi dute udaletik.
Mendizaleek 11,5 kilometroko ibilbide zirkularra egingo dute, gutxi gora behera lau ordu eta erdian egitekoa.