Arrizabalaga eta Capellan, 3 Hiriburuetako lehen ugazabak
Olatz Arrizabalagak eta Andrea Capellanek 22-15 irabazi diete Amaia Aldairi eta Nora Mendizabali 3 Hiriburuak txapelketako lehen edizioko finala. Leire Etxaniz etxebarritarrak pilota goxuko finala irabazi du, Nagore Aramendigaz batera; 18-15 gailendu zaizkie Ania Oronozi eta Oneka Bereauri.
Olatz Arrizabalaga aurrelari gernika-lumotarra eta Andrea Capellan atzelari errioxarra 3 Hiriburuak txapelketaren lehen irabazleak. Atzo jokatu zuten txapelketako finala, eta Amaia Aldai eta Nora Mendizabal menpean hartu zituzten. Errioxan, San Mateo txapelketan, erakutsitako maila bikainari eutsi zioten Arrizabalagak eta Capellanek, eta norgehiagoka 22-15eko markagailuagaz poltsikoratu zuten.
Donostiako Atano III.a pilotalekua emakumezkoen kirolaren aurtengo une gorenetako baten habitat bihurtu zen domekan: goizeko lehen ordutik ilarak egon ziren frontoiaren sarreran, pilotariak beroketa saiora atera zirenean ere, zaleen oihuek eta berotasunak “zur eta lur” utzi zituzten, Arrizabalagak azaldu duenaren arabera. “1.500 ikusle inguru elkartu ziren pilotalekuan, eta txapelketa hau geratzeko etorri dela frogatu zuten. Erakundeetako ordezkariak, telebista, ilarak… emakumeen esku pilotan mugarri bat izan zela uste dut. Txapelketak beste urte biko kontratua du, eta badirudi hazi besterik ez dela egingo”, azaldu du.
Partiduari dagokionez, “markagailuak erakusten duena baino gogorragoa” izan zela adierazi du Gernika-Lumokoak: “8-8ko markagailura arte, berdintasuna nagusi izan zen; ondoren, errentatxo bat hartu genuen, partiduan kokatzea eta urduritasuna apur bat mantsotzea lortu baikenuen; dena dela, ez genuen lortu arrakala handiegirik zabaltzerik, eta aurkariak uneoro hurre eduki genituen; amaieran, garaipen borrokatua, landua eta oso polita lortu genuen”.
Finala orduko aurreratu legez, partiduaren pisua gehienbat atzelarien bizkarrean egon zen, jokoa atzeko koadroetan kargatu baitzuten bi bikoteek. Zentzu horretan, Capellan “indartsu” agertu zela argitu du bere aurrelariak: “Andrea hasieran oso urduri egon zen, baina, partiduan sartu ahala, bere potentzia erakutsi zuen, eta gako izan zen partiduan zehar”. Arrizabalagak, bere aldetik, “sentsazio onak” eduki zituen aurrealdean: “Aldai bere jokotik aldentzea zutabe izan zen guretzat; gainera, eduki nituen aukerak ondo aprobetxatu nituen”.
Koska bat gora. Arrizabalagak azaldu du joko aldetik “koska bat gora” egin duela: “Lan handia egin dut hobetze aldera; fisioterapeutagaz beharrean ibili naiz, neure eskuen egoera hobetzeko; zentzu horretan, hobekuntza igarri dut nire mailan. Iraila eta urria gorputzaldi oso onean egiteko prestatu naiz udan zehar, eta behar hori guztiori fruitua ematen dabilela ari naiz ikusten”. Hurrengo helburua azaroan edukiko du gernika-lumotarrak, lau eta erdiko txapelketan ariko baita. “Maila horretan ere urratsak egiten jarraitu gura dut, eta irabazteko moduko pilotaria naizela frogatu”, adierazi du.
Bestalde, Leire Etxaniz etxebarritarrak pilota goxuko finala irabazi du, Nagore Aramendi azpeitiarragaz batera; 18-15 gailendu zaizkie Ania Oronozi eta Oneka Bereauri. Partidu gogorra eta lehiatua izan zen kategoria horretan ere, eta markagailua horren adierazle da. Etxaniz eta Aramendi 2-8 atzetik joan ziren, baina asmatu zuten partidua iraultzen: “Hasieran beltz ikusten genuen egoera, baina tantoz tanto beren atzelaria nekatzen joan ginen, eta garaipen polita lortu genuen”. 3 Hiriburuak-en balorazio “positiboa” egin du Etxebarrikoak, baina txapelketaren formatuagaz kexu ere bada: “Badirudi pilota mistora bideratzen ari direla lehiaketa osoa, goxua albo batera lagata; mistoko finalean egondako ikusle kopuru itzela eta goxuan egon zena ikustea besterik ez dago. Zentzu horretan, bada hobetzekorik”.