77 odol emaileren "isilpeko ekarpena" eskertu dute Odolkideek
Odolkideek udalerrian egin duten hamargarren ekitaldia izan zen barikukoa. Lehenengoa 1998an egin zuten, eta azkena, berriz, 2016an. 24 urte horietan, hain zuzen ere, 581 pertsona omendu ditu elkarteak.
Odolkideak odol emaileen elkarteak Gernika-Lumon eta inguruko enpresetan 20 eta 25 odol ematetik gora egin dituzten 77 odol emaile omendu zituen barikuan, Gernika-Lumon; 46 izan ziren gizonezkoak eta 31 andrazkoak.
Odolkideek udalerrian egin duten hamargarren ekitaldia izan zen barikukoa. Lehenengoa 1998an egin zuten, eta azkena, berriz, 2016an. 24 urte horietan, hain zuzen ere, 581 pertsona omendu ditu elkarteak, “odol asko eman dutelako eta ahalegin hori eskertu egin behar zaielako”.
Barikuko 77 odol emaileetatik 48 dira gernika-lumotarrak, bosna gautegiz arteagarrak eta kortezubitarrak, lau foruarrak, hiru morgatarrak, bina muxikarrak eta ajangiztarrak, eta bana muruetarrak eta busturitarrak. Horiez gain, zazpik eman dute odola Maierren.
“Pandemia sasoian jendeak eutsi egin dio odol emateari, datuek gora egin dute, eta hori pozgarria izan da. Ze, odola ematea segurua eta beharrezkoa da”, adierazi zuen Amagoia Lopez de Larruzea Odolkide elkarteko ordezkariak. Gogoratu zuen iaz 1.139 odol emate egin zirela Gernika-Lumon, gehienak Foruen plazan, baina Barrutialden beste zortzi izan zirela adierazi zuen. Maierren eta Losalen, 27 odol emate zenbatu zituzten, eta jakinarazi zuen aferesi bidez ere odola eman zutela eskualdeko bizilagunek. “Jende asko dago inplikatuta, eta denei eskerrak eman behar dizkiegu”, esan zuen.
Odolkideen elkartekoek Miguel Angel Vesga Osakidetzako Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroaren zuzendari medikoa gonbidatu zuten omenaldira, eta zuzendariak esker ona adierazi zien eskualdeko odol emaile guztiei: “Azken bi urte hauek oso txarrak izan dira, baina, hala eta guztiz ere, sistemari behar bezala eustea lortu dugu. Egia esan, plazera izan da. Odol emaileei eskerrak eman nahi dizkiegu, baita laguntzen diguten guztiei ere”.
Vesgak esan zuen “osasun sistemaren funtsezko parte bat” direla odol emaileak, oso egiteko “ezkutua eta anonimoa” duten arren. “Ezbeharren bat dagoenean bakarrik konturatzen gara zein garrantzitsuak diren”, adierazi zuen.
Bizkai, Araba eta Gipuzkoako ospitaleak hornitzen ditu Galdakanon dagoen Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentro publikoak. Odolaren, odol osagaien, ehunen… behar guztiak hornitzen dituzte 1986 urtetik. Orduan, odol ematea “oso kontu zaila” zela esan zuen, baita odol horniduran arazoak zeudela ere. Une honetan, baina, “erreferentziazko zentroa” direla esan zuen zuzendariak, ia 100.000 odol emate izaten dituztelako urtean, eta, donazio horiei esker, Bizkai, Araba eta Gipuzkoako 21 ospitale hornitzen dituztela gehitu zuen. “Egunero 400 edo 500 donazio inguru jasotzen ditugu, eta horien %80 gune mugikorretan egiten dira”, azaldu zuen.
Odol emate horietatik guztietatik ia 300.ooo produktu lortzen dituzte zentroan: hematieak, plaketak, plasma, plasmatik eratorritako sendagaiak… “Une honetan ikuspuntu terapeutikoko interesa duten giza jatorriko substantziak egiten ditugu”, zehaztu zuen medikuak.
Gaur gaurkoz, plasma emateko ahalegin berezia egiten ari direla onartu zuen, plasma ematea “funtsezkoa” delako paziente hemofikikoentzako, immunoeskasiak dituztenentzako edota arazo neurologikoak dituztenentzako dozenaka sendagai lortzeko. “Pandemiak agerian utzi du ezin garela beste herrialdeen edo farmazia korporazio handien menpe egon, eta produktu horien hornidura ziurtatu behar dugula gure lurraldearentzat”, azaldu zuen. Zehaztu zuten, une honetan, eskualdeko 13 aferesi emaile daudela aktibo, gaur arte 39 aldiz plasma eman dutenak. Medikuak onartu zuen etorkizuneko erronka dela dohaitza modu hori autobus mugikorretan jartzea: “Plasma ematea oso erraza da, kontua da espazioa behar duela, eta logistikako arazo horiek ditugula. Hala ere, egin beharreko aldaketa da, Europan lehentasunezkoa bihurtzen ari baita plasma ematea”.
Zehaztu zuen urtero 7.000 odol emaile berri dituztela, eta horiek “beharrezkoak” direla, “adinagatik edo gaixotasunagatik odola ematen jarraitu ezin duten pertsona guztiak ordezkatzeko”. Gaineratu zuen odol emaileen adina ere gorantza doala, eta garrantzitsua dela dohaitzaren mezua gazteengana ailegatzea.
Segurtasuna, oinarri.
Produktu nahikoa izatea eta odol emateak erabat seguruak izatea dira Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroaren ardatzak. Izan ere, urtero, Bizkai, Araba eta Gipuzkoako 50.000 pertsonak baino gehiagok erabiltzen dute zentroak emandako produkturen bat edo beste: “Horiei esker bizi dira, edo hobeto bizi dira. Horietako batzuei esker bizirauten dute paziente batzuek”.
Produktuak bakarrik ez, transfusioen momentuak ere “seguruak” izatea bilatzen dute. “Akatsik ez egotea eta paziente bakoitzak jaso behar duena jasotzea bilatzen dugu. Praktikan, akatsak ezohizkoak dira”, azaldu zuen zentroko zuzendariak, eta adierazi zuen hori produktu “bakoitzari buruzko informazio guztia” ziurtatuta dutelako dela. “Momenturo kontrolatzen ditugu ekoizten ditugun ehundaka produktuak, hartzaile guztien segurtasuna bermatzeko asmoz”, dio.
Terapia berriak ari dira aurrera eramaten zentroan, batez ere minbiziaren immunoterapiara zuzendutakoak: “Odolaren produktu berriak sortzeko ikerketetan parte hartzen ari gara: minbizia duten pazienteentzako berariazko zelulak sortzen esaterako, bereziki hezitako zelula horiek minbiziaren zelulak hiltzeko”, azaldu zuen Vesgak, eta ikerketa mota hori “funtsezkoa” dela adierazi zuen.
Gainera, sistemaren jasangarritasuna ere bermatu gura dutela aitortu zuen: “Sistemaren jasangarritasuna kezkatzen gaituen arazoa da. Egiten ditugun produktu guztiak ahalik eta ondoen erabiltzea gura dugu, paziente guztien onurarako. Egiten dugun guztia behar bezala erabiltzen dela bermatu gura dugu, ezer ez dela xahutzen jakin”.