389 pertsonak bete dute Eingule? kanpainaren bigarren lehiaketa
Martxan dago kanpainaren hirugarren lehiaketa, eta urriaren 23ra bitartean parte hartu daiteke.
Bermeo eta bermeotarren identitatea jolasaren bidez eta “modu dibertigarri batean” ari da zabaltzen Bermeoko Udala Eingule? kanpainaren bitartez. Hala, Bermeoko euskarari “indarra eta prestigioa” emateko helburua duen kanpaina hirugarren astera iritsi da, eta hirugarren lehiaketa martxan dago, gaur hasi eta domekara (urriak 23) bitartean. Aurreko asteetan egin modura, eingule.bermeo-euskaraz.eus webgunearen bidez parte hartu daiteke lehiaketan.
Jakitera eman dutenez, Eingule? kanpainak partaidetza maila altua mantendu du bigarren astean ere; 389 pertsona ibili dira jolasean, eta joan den asteko irabazlea ere badute, Nerearentzat izango da Aintzane loradendako flowercube-a.
Aste honetako saria Salica kontserba enpresak emango du. Hala, kanpainaren helburu zabalarekin bat etorriz, tokiko eragileekin elkarlana sustatzen da, kanpainan zehar banatuko diren sari guztien atzetik tokiko merkatari, ostalariak zein negozioak baitaude.
Kanpainaren protagonista den Juan Lebatz websailaren bigarren kapitulua ere gaur bertan zabaldu dute eingule.bermeo-euskaraz.eus webgunean. Guztira, lau kapitulu izango dira.
Berriro ere gogora ekarri dute Eingule? ekimena sare sozialen bidez jarraitzeko aukera ere badagoela. Instagram eta Twitterren @eingule_ profilak jarraitu daitezke, Facebooken, berriz, @euskerasaila.bermeon kontua. Kanpainaren hasieran zozketa egin zuten Instagramen bidez; Luma liburu dendan 50 euro gastatzeko txartela zozkatu dute, eta Esti Aranzetarentzako
izan da.
Horrez gain, Euskara Sailaren YouTube kontuaren bidez eta WhatsApp bidez bideo guztiak ari dira zabaltzen.