Mikroplastikoak dira Bizkaiko Golkoko plastiko kopuruaren % 93
10 milioi tona hondakin itsasoratzen dira urtero. Aztik ondorioztatu du Bizkaiko golkoa mikropastikoentzako irteerarik gabeko "kale itsua" dela.
Bizkaiko golkoko itsas zaborren ezagutzan azken aurrerapenak egin ditu Aztik, eta ondorioztatu du gune ozeanografiko hori mikropastikoentzako irteerarik gabeko “kale itsua” dela. Izan ere, aztertutako laginetan dagoen plastiko kopuruaren % 93 dira (%28 pisuan) mikroplastikoak; % 7 dira mesoplastikoak eta % 1 makroplastikoak.
Aurkitutako plastikoaren bataz besteko ugaritasuna kilometro koadroko 739.395 eta 2.625.271 plastiko pieza artekoa da, eta kilometro koadroko 232.227 elementukoa. Zehaztu dutenez, Frantziako uretan plastiko gehiago dago, “Espainiako kostaldean baino bost aldiz gehiago”.
“Ikerketa honek erakusten du Bizkaiko golkoko hego ekialdeko kostaldeko urak plastikoak batzeko puntu beroa direla, eta Mediterraneo itsasoko edo zaborra gehitzeko beste eremu batzuetako mailen antzekoak dituela”, azaldu du Oihane Cabezas Aztiko itsas zaborren adituak.
Miren Argia eta Itsas Belhara arrantza ontzien laguntza izan du azterketak, Golkoko hego ekialdeko kostaldeko uretan laginak hartzeko kanpainak egin baitituzte, bai Frantzian, bai Bizkai, Araba eta Gipuzkoan.
10 milioi tona.
Plastikoak, beste itsas zaborren artean, Europar Batasunak eta beste erakunde batzuek ozeanoentzako mehatxu nagusitzat jotzen dituzte, ez bakarrik ingurumenean duten eraginagatik, baita kostaldeko eskualdeetan izan dezaketen eragin ekonomiko negatiboagatik ere. Izan ere, kalkuluen arabera, 10 milioi tona hondakin itsasoratzen dira urtero.
Hala ere, Golkoko uretan plastikoen ugaritasunari buruz dauden ikerketa bakanak itsaso zabalean zentratzen dira abtez ere, kostaldeari buruzko informazioa oraindik mugatua den bitartean. Hutsune hori betetzeko, hain zuzen ere, Azti zentro teknologikoa lau urtez aritu da Bizkaiko golkoko itsas zaborren banaketa espaziala definitzen. Hainbat arlo ikertu ditu, hala nola, mikroplastikoen analisia, ibai inguruneen azterketa, hondakin flotatzaileak edota biodegradazio prozesuak.