Horman gordetako ondare zatia
Lian muralista kataluniarrak tokiko bizitzan oinarritutako kale artelana egin du Eako Kale Nagusiko etxe batean. Herritarren ikusmira piztu du muralak.
Artea, ondarea eta sorkuntza uztartu dituzte Ean, eta emaitza kalera, herritarren artera atera dute. Izan ere, Kale Nagusiak museo itxura hartu du, fatxada oso bateko dimentsioak dituen murala egin baitute. Mural horren atzean dagoen egilea Lian muralista kataluniarra da. Busturialdean nahiz Lea-Artibain artista ezaguna da Lian: Gernika-Lumon, Ondarroan, Gautegiz Arteagan, Bermeon zein Forun daude ikusgai bere kale artelanak.
Lianek azaldu du Eara “herriko udal taldearen eskutik” ailegatu zela: “Alkatea, Iratxe Arriola, nigaz hartu-emanean ipini zen, eta Kale Nagusian hutsik eta konpondu berri zegoen horma handi bat zeukatela kontatu zidan, eta proposamen horregaz hasi ginen elkarregaz beharra egiten”. Artistak argi eta garbi zeukan kostaldean eta kostaldeko gaiak lantzen dituen mural bat egin gura zuela, baina, Eara bertaratu bezain laster kargutu zen hasieran buruan zeukan kontzeptua aldatu eta egokitu egin beharko zuela. “Pila bat zirriborro egin nituen gustuko tematikagaz jo orduko, eta bai udaleko ordezkariekin, bai etxeko ugazaba Toti eta Totogaz hainbat bilera egin ondoren, behin betiko ideia jaio zen”.
Mihimenezko otzara bat konpontzen dauden eskuak ageri dira Lianen muralean
Muralean Eako bizitzagaz, ondareagaz eta tradizioekin bat egiten duten elementuak ikusi daitezke: hondartza, itsasertza eta giza eskuak. Elementurik esanguratsuena, baina, otzara da. “Arrantzagaz, antzinako bizimoduagaz eta, oro har, Eako kulturaren zati oso garrantzitsu bategaz bat egiten duen objektua” da, Lianen ustez. “Iraganean arrantzaren munduagaz oso estu lotutako elementua da mihimenezko otzara“. Horrez gain, mihimenezko saskia josten ari diren giza esku bi ere ageri dira artelanean. Gizatasunaren kontzeptua, hain zuzen ere, “benetan interesgarria eta esanguraz betetakoa” da egilearentzat. “Jostearen atzean ezkutatuta dagoen kultura oso atsegin dut. Nire ustez, ekintza horrek hainbat pertsona (esate baterako, auzotarrak) elkartzea, bat egitea eta kausa amankomun baten alde lan egitea esan gura du”, adierazi du.
Desberdintasuna ardatz. Muralean ageri den otzara kolore gris, marroixka eta ilunez egindakoa baldin bada ere, bi eskuak josten ari diren mihimen zatiak hainbat koloretakoak dira, eta ñabardura horrek ere badu azalpena, egilearen arabera: “Saskia konpontzen ari diren eskuetako mihimen zatiak kolore ezberdinekoak dira, desberdinen artean gauza sendoak, iraunkorrak, erabilgarriak eta eder-ederrak sortu daitezkeela adierazteko”.
Hiru osagai erabili ditu: irudi plastikoa, kolore aerosolak eta babeserako berniza
Muraleko irudia herrian bertan ateratako argazki batean oinarritutakoa da. Izan ere, Eako Aritza hondartzara jo zuen Lianek muralerako iruditegi bila, eta, gainera, modelo oso berezia topatu zuen, eskuak erakusteko: Toti etxeko ugazaba. Etxeko jabeak, hain zuzen, “egundoko bidelagunak” izan dira artistarentzat, sorkuntza prozesa guztian. “Hasiera-hasieratik proiektua begi onez ikusi dute, eta itzelezko laguntza eman didate: ideia zehazteko eztabaidetan eta bileretan parte hartu dute, Totik modelo lanak egin ditu, herriko errealitatea irakatsi diote, besteren artean”. Murala egiteko erabilitako teknikari dagokionez, Lianek bere “ohiko prozedura” jarraitu du. Lehenengo eta behin, pintura plastikoa oinarri hartu du; jarraian, koloredun aerosolekin margotu ditu irudiak; amaieran, berniz geruza bategaz babestu du murala.
Eako muralaren kasuan, gainera, berniz berezia baliatu behar izan du kataluniarrak: “Hegoaldera begira dagoen fatxada izanda, izpi ultramoreen kontrako berniza erabili nuen”. Margotze lanek astebete iraun zuten arren, murala egiteko lanak “askoz arinagotik” datorzkiola adierazi du Lianek: “Proiektua planteatzea, zehaztea eta garatzea ere lanaren parte dira, eta garrantzi handia dute azken emaitzari begira”.
Lortutako emaitza horregaz, hain zuzen ere, “oso asebeteta” amaitu du. “Herriagaz, ondareagaz eta etxe horretako bizilagunekin lotutako irudia modu errealistan sortzea lortu dudala esango nuke, eta horrek izugarri pozten nau”. Era berean, herritarren babesa ere jaso diela azaldu du: “Esker oneko berbak eta zorion mezuak jaso ditut eatarren aldetik, eta horrek nire lana egokia izan dela adierazten duela uste dut”. Hemendik aurrera ere muralak egiten jarraitzeko asmoa dauka Lianek, jadanik proiektu batetik bestera dabilen arren. Uda sasoia, egun euritsuak kenduta, beharrez jositako garaia izan ohi da muralistarentzat. “Horrenbestez, uda osoan jo eta su ibili naiz, gehien asetzen nauena egiten”.