Euskal Museoaren istorio txiki bat
50.000 pieza baino gehiagok osatzen dute Euskal Museoaren bilduma, eta euskaldunen ondare historikoa ezagutarazteko eta museoaren eraldaketaren berri emateko asmoz, erakusketa jarri du Foru Plazan.
Museoetako piezek herri memoria egiteko balio dute, iragana ezagutarazteko eta gogoratzeko. Arbasoen bizi eredua ezagutzeko, jatekoa prestatzeko, janzteko edota jolasteko erabiltzen zituztenak ikusteko eta horiek guztiak balioan jartzeko lekuak dira, berriz, museoak, pieza historikoen gordelekuak.
50.000 pieza baino gehiagok osatzen dute Euskal Museoaren bilduma, eta 100 urteko ibilbidean, bildumen bilduma sortu du, erakundeak egindako erosketa politika zainduari eta herritarrek egindako dohaitza eskuzabalei esker. «Piezen aberastasun eta aniztasunak gure arbasoen bizitza eta egunerokotasuna osatu zuten alderdi ezberdinak ilustratzen eta islatzen dituzte», adierazi du Euskal Museoaren zuzendari Sorkunde Aiarzak. Azaldu du museoa berrikuntza prozesuan murgilduta dagoela, baina ez hilda, «bizi-bizirik baino». Pieza historikoen etxea zarratuta dago, baina zabaltzen dutenean jarriko duten erakusketa erdi-iraunkorreko bildumaren zati bat kalera atera dute, argazki bidez. Izan ere, «ezinbestekotzat» jo dute museoaren lana Bizkaian zabaltzea, museoaren eraldaketaren berri emateko eta euren bildumaren piezetako batzuk ezagutarazteko.
Bi ataletan banatuta
Zehaztu duenez, erakusketak bi atal ditu: batetik, museoaren eraldaketaren berri ematen duten panelen atala, eta, bestetik, museoko piezak lantzen dituena. Museoaren eraldaketa «oso handia» izango dela azaldu du, baina piezetan jarri du arreta, «historia eta euskal kultura zabaltzea» da eta garrantzitsuena. «Bilduma oso zabala da, handia eta berezia. Denetarik dago. Egurrezko, metalezko, harrizko edota ehunez egindako piezak aurkitu daitezke. Beraz, bilduma oso zabala eta anitza denez, bildumako pieza batzuk ekarri ditugu Gernika-Lumora», azaldu du zuzendariak.
Herrietako kaleetara eroan duten erakusketa ez dela «oso handia» dio, baina herri handi zein txikietan jartzekoa dela azaldu du.
Kale erakusketan ikusi daitezkeen piezen argazkiak aukeratzea ez da lan erraza izan diote museoko langileek. «Asko dira piezak, eta pieza bakoitzaren atzean istorio bat dago. Asko dira museo etnografikoan batu daitezkeenak, gainera, izan ere, euskaldunen bizimoduari buruzko informazioa ematen duen lekua da museoa, eta informazio hori guztia ematen duten piezak kudeatzea ez da lan erraza izan». Diotenez, «ahalik eta bilduma aberatsena izatea» da kale erakusketaren helburua, horrek museoak daukan aberastasuna ahalik eta ondoen islatzen duelako: «Horregatik ekarri ditugu material, jatorri, ezaugarri eta erabilera ezberdinetarako piezak».
Hain zuzen ere, antzinako piezetatik gaur egunera artekoak dituzte, eta horiek ikusi daitezke. Besteren artean, Mikeldia da museoak duen piezarik zaharrena, eta horri buruzko informazioa ematen du bildumak, baita Nabarnizko XVI. mendeko oihal «zoragarri» batena ere; Artiach gaileta famatuen kaxa bat ere ikusi daiteke. «Bizirik dagoen bilduma bat izanda, urtez urte zabaltzen doa, eta piezen arteko denboraren arkua oso zabala da», azaldu du zuzendariak. Zehaztu du jendearen ekarpenak direla museoaren bildumaren «zutabe nagusietako» bat, eta egunero handitzen dela.
Herritarrak gonbidatu dituzte erakusketa ikustera, pieza bakoitza sentitzeko; hala, erakusketa urriaren amaierara arte egongo da ikusgai, Foru Plazan. «Herritarrei erakusketa behin baino gehiagotan ikusteko aukera eman gura diegu. Pieza bakoitzak sentiarazten diguna eurek bizitzea gura dugu. Horretarako dago ondarea, izan garena ulertzeko. Haritza bizi da, inoiz baino biziago dago, eta bizi iraungo du», dio Aiarzak.