Elisa Kaltzada busturiarra hil da
Frankistek haren aita Doroteo hil zuten 1937ko abuztuaren 7an. Hala ere, euskara, kultura eta herria babestu ditu Kaltzadak urte luzez. 50 urtez itxaron behar izan zuen aita eta fusilatutako herrikideak ekitaldi publiko batean oroitzeko, eta 2014an, Servini epailearen aurrean deklaratu zuen.
Elisa Kaltzada Ugalde zendu da (1929-2022). Frankismoaren erasoak zuzenean sufritu zituen busturiarrak, izan ere, frankistek haren aita Doroteo hil zuten 1937ko abuztuaren 7an. Hala ere, euskara, kultura eta herria babesten jarraitu zuten Kaltzadak urte luzez; heldua zela alfabetatu zen euskaraz eta diktadura amaitu osteko Busturiko lehen udal gobernuko zinegotzi izan zen. 50 urtez itxaron behar izan zuen aita eta fusilatutako herrikideak ekitaldi publiko batean oroitzeko, eta 2014an, Servini epailearen aurrean deklaratu zuen.
San Bartolome auzoko Etxebarri-Atze baserrian jaio zen Kaltzada; aita zuen bertakoa eta ama ondoko etxeko Etxebarrikoa. Hiru neba-arrebetan nagusiena zen bera, eta, umetan, Axpeko mojen eskolara joan zen. Errepublika garaian eta 36ko gerran umea zen arren, bizitza gogorra izan zuen. Izan ere, Gernikako bonbardaketa bizi eta gero, beste lau herritarrekin batera fusilatu zuten haren aita, Larrinagako kartzelatik Derioko kanposantura eroan eta gero.
Umetan, aitaren atxiloketa eta hilketa bizi izan zituen, eta handik urte batzuetara Julen neba atxilotu eta Burgosko prozesuan auzipetu zuten. 1976an atera zen espetxetik neba, baina 1975ean, ordea, bera ere atxilotu zuten. Gernikara eraman eta torturatu zutela kontutatu zion Kaltzadak Bizkaiko Hitzari iaz: “Lotu zizkidaten eskumuturrak ohearen burdinetara, belauniko jarri, eta oin azpietan jotzen zidaten, gogor”. Hilabete egin zuen kartzelan, eta bermepean atera zen; Franco hil eta gero, amnistiarekin bermea bueltatu zioten.
Azken urteetan, aitortza publikoa behar zutela aldarrikatu du. “Argitzea zer gertatu zen, eta zelan izan zen. Munduak jakin dezala zer-nola hil zituzten. Aitortu dezatela zer gertatu zen”, adierazi zion Bizkaiko Hitzari.
Lehenago, 2014an, aitaren erailketaren berri eman zioten Argentinako epaile Maria Serviniri Gernika-Lumon; izan ere, frankismoko kereilak ikertzen ari zen epaile argentinarra. “Hainbeste denbora itxaron behar izan dugu orain 70 urte baino gehiago gertatu zena publikoki kontatu ahal izateko”, esan zuen epaitegitik irten berritan. Aitari justizia egitea izan da beti Kaltzadatarren asmoa: “Horregatik, aita etxetik zelan eroan zuten kontatu dugu epaitegian, fusilatu egin zutela zutela, eta, berarekin batera beste bost busturiar ere fusikatu zituztela”.
Serviniren aurrean deklaratzeak itxaropena piztu zien, baina iaz onartu zuen “ez zela espero zutena” bete. Izan ere, gaur gaurkoz frankistek egindako akusazioen errudun modura agertzen da euren aita.
Gernika Memoriaren Lekukok besarkada bidali die senideei: “Frankismoaren atzaparrak zuzenean pairatu zituen familiak, euskara, kultura eta herria inoiz alboratu ez bazuten ere. Besarkada bat senideei, eta agur amultsua, Elisa”.