Denetariko adikzioen argazki eguneratu, erreal eta zehatza
Bermeoko Udalak, herriko ikasle, eragile eta bizilagunekin elkarlanean, Adikzioen Prebentziorako Tokiko Plan Berria plazaratu du. Alkohola, tabakoa, bestelako drogak, jokoa, apustuak, bideojokoak, pornografia eta sare sozialak jorratu dituzte herritarren artean, eta adikzioei aurre egiteko lau urteko proiektu integratua josi dute.
Bermeoko Udalak Adikzioen Prebentziorako Tokiko Plan Berria aurkeztu du gaur, Gizarte eta Kultura Etxean. Urtebeteko lanketa prozesuaren ondoren, denetariko adikzioak jorratzen dituen plan integratua sortu du udal lantaldeak. Horretarako, herriko eragile, bizilagun, ikasle edota ostalariekin beharrean ibili dira, eta iturri horietatik guztietatik jaso dute informazioa. Bermeoko Udaleko Alazne Zumetak adierazi duenaren arabera, proiektuak “denetariko adikzioen argazki eguneratu, erreal eta zehatza ematea” eskaintzen du. Herritarrentzako eskuorriez gain, plana, bere osotasunean, interneten dago ikusgai.
Egitasmoak, azaldu dutenez, datorren lau urteetarako eskuorria erakusten du, hainbat modutako adikzioak zelan tratatu jakiteko. Aurkeztu duten plan berriak, bestalde, hiru eragin eremu nagusitan sakondu du, informazioa pilatzerakoan: familia, giro komunitarioa eta hezkuntza. Ekimenaren hazia hezkuntza zentroetan ernaldu zen, Zumetaren ustez: “2021eko urrian hasi ginen eskoletan lanketa egiten; ondoren, herritar helduei egin genizkien inkesta anonimoak. Iazko apirilerako, zehaztu dutenez, “prest” zeuzkaten datuak, eta maiatzean erredaktatu zuten plana. Udan, udalean onartu zuten, eta orain kaleratu dute. Datozen lau urteetan, behin-behineko ebaluaketa saioak egingo dituzte, eta 2026an, ostera, planaren ebaluaketa orokorra egitea aurreikusten dute.
Adikzioen Prebentziorako Planak hainbat kasu eta dependentzia mota ikertzen ditu. Alkoholaren edota tabakoaren kontsumoaz gain, bestelako drogak ere aztertu dituzte; baita bideojokoen, apustuen, pornografiaren edota sare sozialen erabilera ere. Arlo horietako bakoitzean, emakumezkoen, gizonezkoen edota ez-bitarren kontsumo portzentajeak zeintzuk diren argitu dute, adikzio mota bakoitzaren nondik norakoa argitze aldera. Osotara, Bermeoko 5 hezkuntza zentrotako 600 ikasleren eta hainbat testuingurutako 310 helduren esku hartzea eduki du proiektuak, eta euskarri nagusi bi izan ditu euskarri: batetik, Euskal Herriko Adikzioen 7. Plana; bestetik, orain arteko ebidentzia zientifiko “fidagarrienak”.
Egitasmoak lau ildo estrategiko dauzka, eta ildo bakoitzak, berriz, hainbat ekintza barnebiltzen dituzten helburuak ditu. Lau ildoak ondorengoak dira: batetik, osasunaren sustapena eta arriskuzko jokabideen prebentzioa; bestetik, drogen, jokoaren zein teknologia digitalen gehiegizko erabilerarekiko tolerantzia soziala murriztea eta horien denen eskaintza kontrolatzea; horrez gain, ezagutzaren eta prestakuntzaren hedapena; halaber, sare lana eta koordinazioa bultzatzea.
Herriko errealitatearen diagnosiak edota beharrizanak finkatzeko, lau eztabaida talde egon dira: hezkuntzakoa; osasun arlokoa; ostalaritza, merkataritza eta kultur, kirol zein aisialdi elkarteetakoa; eta politikoa, Bermeoko Udalean ordezkaritza duten alderdi denek babestua. Horrez gain, Udal Prebentzio Mahaia osatu dute, adikzioen prebentzioagaz erlazionaturiko esku-hartzeak eta asistentzia “eraginkortasunez” kudeatu ahal izateko. Mahai hori udaleko sail desberdinetako teknikariek osatua dago: GOS, Berdintasun Saila, Kultura Saila, Udaltzaingoa, Gazteria Saila.
Lanean hasteko prest. Proiektuaren arduradunek aurreratu dute planaren lehendabiziko puntuak praktikan ipintzeko prest daudela, eta azaroan hasiko direla horiek probatzen. Esate baterao, adikzioen prebentzio zerbitzua jarriko dute Gizarte eta Kultur Etxean; zerbitzu horren ardurapean teknikari aditu bat egongo da, jadanik kontratatuta dutena. Era berean, alderdi judizialean nahiz polizialean ere eragingo dute: gaztetxoenei zuzenduriko isun sistema berria ere abiatuko dute, isun sistema ekonomikoaren ordezko izatea gura dutena. 18 urtetik beherako gazteren bat legez kanpoko sustantziaren bategaz harrapatuz gero, zuzenean isun ekonomikoa ezarri ordez, sentsibilizazio kanpaina bat egitera bideratuko dute, betiere prebentzio zerbitzuko teknikariaren gainbegiratzeagaz eta senideen parte-hartze aktiboagaz. Ebaluazio prozesu bat gaindituz gero, gazte horrek ez du isunik ordaindu beharko.
Beste alde batetik, aurkezpen agerraldian alkoholaren hasierako kontsumo aldia ere ahotan eduki dute. Orain arteko lanketari esker, eta proiektu honek ekar dezakeen hobekuntzagaz, adierazi dute zortzi hilabete atzeratu dutela gazteek alkohola estreinakoz probatzeko adina: 13 urtetik 13 urte eta 8 hilabetera igaro da adina. Bermeoko andramarietan ere, informazio gunea ipini zuten txosna eremuan, eta neurri horrek “emaitza positiboak” eman zituela adierazi dute. Adikzioen Prebentziorako Tokiko Plan Berriak, Zumetaren arabera, “bete-betean” bat egiten du Bermeoko udal gobernu taldearen helburu estrategikoekin, eta “aurrerapen esanguratsua suposatuko du adin zein testuinguru ezberdinetako bermeotarren bizi kalitatean”.