Penta futbol zelaiko berritze lanak amaitu dituzte
Argiteria lanak egin zituzten lehenengo, eta gero, aldagelak txukundu zituzten. Abuztuan eta irailean, berriz, berdegunea berritu dute.
Bermeoko Udalak Penta futbol zelaiko berritze lanak amaitu ditu. Jakitera eman dutenez, guztira, 235.000 euro inbertitu dituzte aipatu futbol zelaian. “Hilabeteetako lanen ostean, herriko instalazio garrantzitsu hau nabarmen hobetzea lortu dugu, gure helburu estrategikoetako bati erantzuna emanez. Zelaia zaharkituta zegoen. Izan ere, urte askotan ez da inbertsiorik egin bertan, eta berritzeko beharra zegoen”, esan du Bermeoko alkate Aritz Abaroak.
Argiteria lanak egin zituzten lehenengo, eta gero, aldagelak txukundu zituzten. Azkenik, berdegunea aldatu dute; abuztuan eta irailean egin dituzte lanak. 198.183,57 euro bideratu dituzte lan horietara, eta Bizkaiko Foru Aldundiak 78.460 eurroko diru laguntza eman du.
Abaroak esan du Penta futbol zelaiak “beste itxura” bat daukala: “Pausoka joan gara eta hartu genuen konpromisoa betez, argiteria, aldagelak eta berdegunea bera berritzea lortu dugu. Puntu honetan, eskerrak eman nahi nizkioke ENAGAS enpresari. Bere laguntzari esker, herriko gazteek erabiltzen duten kirol instalazio hau hobetu dugu, eta argiteria sare eraginkor, moderno eta jasangarriago bat jarri ahal izan dugu. Kirol instalazio hau oso garrantzitsua da herriarentzako. Herriko ume eta gazte askok bertan kirola egiten dute. Gure helburu estrategikoetako bat da herriko kirol instalazioak hobetzea. Udal honek esfortzu handia egin du zentzu horretan”.