Mundakak hartuko du Arraunlari Beteranoen Topaketa
350 arraunlari batuko dira Mundakan urriaren 22an (zapatua), bertan lehiatuko dute Beteranoen III. Bandera.
Arraunlari beteranoak Mundakan batuko dira urriaren 22an (zapatua), bertan egingo baitute Arraunlari Beteranoen III. Topaketa. Jakitera eman dutenez, 350 arraunlari inguru batuko dira Mundakan. Topaketa arraunaren tradizioa eta balioak aldarrikatzeko antolatzen da, eta gainera, herritar guztientzat ikusgarri egitea dute asmo. Jardunaldia Mundakako Arraun Taldeak eta Bilbao Arraunlari Beteranoak antolatzen dute.
“Gero eta klub eta arraunlari gehiago ditugu. Ontziak iristen dira Tarragonatik, Alacantetik eta Galiziatik euskal traineruekin jardunaldi hau partekatzeko, eta baita kirola egiteko eta beste klub eta lurralde batzuekin harremanak ehuntzeko ere”, adierazi du Arraunlari Beteranoen Elkarteko (ABE) presidente Jose Antonio Zubizarretak. Zubizarretak eskerrak eman dizkie Bizkaiko Foru Aldundiari, Mundakako Udalari, Bizkaiko Herri Kirolen Federazioari, Bizkaiko Arraun Federazioari, La Salve Garagardoak enpresari eta baita parte hartzen duten klubei ere, “horiek guztiak barik ezinezkoa litzatekeelako honelako ekitaldia gauzatzea”.
Euskara, Kultura eta Kiroleko foru diputatu Lorea Bilbaok hitzordu hau “kirol ekitaldi bat baino zerbait gehiago” dela azpimarratu du: “Kirolaren balioak, gure tradizioa eta nortasuna aldarrikatzeko eguna da, urteak modu aktiboan betetzeko aldarrikatzeko eguna. Izan ere, arrauna kirola da, baina baita ere tradizioa eta kultura, nortasuna, identitatea, batzen gaituen zerbait da, herri modura definitzen gaituena”.
Topaketa antolatu duten klubetako ontziez gain, honakoek parte hartuko dute: Bilbo, Ibaialde, Sotera, Alacant, Cambrills, Plentzia, Iberia, Sestao, Zumaia, Badok13, Pontejos, Mundaka, Aizburua, Esteiro, Tiran eta Getxo. Topaketa goizean hasiko da; 12:30ean hasiko da beteranoen III. Bandera; lehiaketa horretan traineru guztiek parte hartuko dute. 13:30ean trikipoteoan ibiliko dira. Arratsaldean, berriz, esprint modalitateko lehiaketa izango da jokoan, 17:00etan. Arinago, 16:00etan estrapu tailerrean eta ergometroetan parte hartu ahalko dute bertaratutakoek.
Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Mundakako Udalaren laguntzagaz antolatu dute topaketa. Aipatu dutenez, sokatira erakustaldi bat ere egongo da, 19:30ean hasita. Erakustaldiaren amaieran sokatira klubeko tiratzaileen eta Arraunlari Beteranoen Topaketan parte hartuko duten arraunlarien arteko desafioa egingo da. Musika ere ez da faltako, jardunaldiari amaiera emateko kontzertu bat antolatu dute 22:30ean.